Eñaut Elorrietaren 'Fantasia' kontzertua, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 08:55

Iluntzeko 19:30etan eskainiko du disko berria aurkezteko emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

Hernanin izango da Eñaut Elorrieta musikari eta abeslaria, martxoaren 16an. 'Fantasia' disko berria aurkeztuko du bizkaitarrak Biterin, iluntzeko 19:30etan hasita. Sarrerak salgai daude 8 euroan, Biterin bertan edo 'kultura.hernani.eus' webgunean.

Hamar kantuk osatzen dute bere lan berria, eta Aitor Etxebarria izan du ekoizle eta bidelagun. Azken bi urteetan eskuz esku egindako lanaren emaitza da 'Fantasia', eta Elorrietaren berezko esentzia harrapatzen saiatu da Aitor Etxebarria, «hari modura maitasuna duten kantu soil, bare eta ederrak» bilduz diskoan.

Kantu guztiak abeslari gernikarrak konposatutakoak dira, eta berak idatzitako hitzez gain, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi edo Itziar Ugarte idazleen lanak musikatu ditu.

Biteriko kontzertuan, 'Fantasia' diskoko kantuez gain, bere ibilbide osoko kantuak eskainiko ditu Eñaut Elorrietak. Oholtzan izango dira beste lau kide ere: Ander Zulaika bateriarekin, Ruben Caballero gitarra elektrikoarekin, Fernando Neira baxuarekin, eta Txus Aranburu teklatuekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!