'Maialen'ek urteko lehendabiziko bandera irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 00:00

'Maialen' traineruko arraunlariak, patroia eta entrenatzailea, Colindresen lortutako banderarekin.

Colindresko jaitsieran lortu du garaipena, Astillerori 13 segunduko aldea aterata.

Maialen traineruak denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen larunbatean, Colindresko jaitsieran. Aurredenboraldiko bigarren testean parte hartu zuten, eta helmugan, Astilleroren aurretik amaitu, eta bandera herrira ekarri zuten.

«'Bi traineru bakarrik? Non dago meritua?', pentsa lezake inork», diote Hernaniko Arraun Elkartetik: «Baina iazko udan, ETE Ligan, Astillero estropada guztietan sailkatu zen Hernaniren aurretik. Batazbeste 15 segundoko aldea atera zion Ligan. Sailkapen orokorrean, Astillerok 61 puntu lortu zituen; Hernanik, berriz, 30. Joan den larunbatean, Hernanik Astillerori ia 13 segundo atera zizkion», nabarmendu dute.

«Hemendik aurrera, helburua izango da gure arraunketa hobetzea, taldea egiten jarraitzea, eta batez ere, arraunlari gazteenek traineru estropadak ezagutzea», dio Asier Ocon entrenatzaileak. «Aurten emaitza politak lortzen ari garenez, bide horretatik jarraitu nahi dugu; lanean pausoz pauso. Nola egiten den hori? Burua erabiliz, eta pazientziarekin».

Datorren asteburuan bi erronka izango dituzte traineruko neskek: larunbatean, San Pedroko traineru jaitsiera; eta igandean, Batel Ligako zortzigarren jardunaldia, Urumea ibaian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!