Ezagutu Hernani aldizkarian «akats larriak» daudela adierazi du EAJ-PNVk

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 10a, 00:00

Andoni Amonarraiz Hernaniko EAJ-PNVko bozeramaileak salatu du herriko komertzioetaz «ahaztu» dela EH Bildu.

Ezagutu Hernani aldizkaria argitaratu du Hernaniko Udalak herriko informazioa zabaltzeko. Hernaniko EAJ-PNVtik gogor kritikatu dute aldizkariko edukia, eta Andoni Amonarraiz bozeramaileak nabarmendu du «beste behin ziurtatu dutela gobernua gizarteko zati txiki batekin besterik ez dela gogoratzen».

Ezagutu Hernani aldizkariaren kasuan, herriko komertzioetaz «ahaztu» direla salatu du Amonarraizek: «Bertako produktua saltzen duten komertzioen atalean, EH Bilduk Herrilur, Behemendiko azoka eta ostegunetako feria bakarrik aipatzen ditu. Non geratzen dira Eusko Label produktuak saltzen dituzten harategiak? Non geratzen dira Martindegin egindako marmeladak saltzen dituzten komertzioak? Non geratzen dira inguruko baserrietako produktuak saltzen dituzten dendak?».

Kritikarekin batera, «hankasartzea» konpontzeko eskaera egin du EAJ-PNVk: «Akatsa konpondu eta testua birmoldatu behar du EH Bilduk. Garrantzitsua da bertako produktuak saltzen dituzten komertzio guztiak bertan agertzea. Lana eskatzen du horrek, baina urteak daramatzagu bertako produktuen kontsumoa sustatzen, eta ez da onargarria horrelako akats larri bat udal aldizkari batean argitaratzea».

Kritikarekin amaitzeko, Amonarraizek gehitu du oposizioko alderdiei aldizkaria «amaituta eta enkuadernatuta» eman dietela: «Ezin izan dugu lanketan parte hartu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!