Udal langileen greba dela eta, Hernaniko Udaleko zerbitzu guztiak itxita egongo dira asteartean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 10a, 00:00
Zazpi eskaera egin dituzte greba deialdian.

EAEko zerbitzu publikoetako langileen greba deialdiarekin bat egitea erabaki du Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak.

Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak hala erabakita, martxoaren 12ko greba deialdiarekin bat egingo dute bertako langileek. Ondorioz, asteartean itxita egongo dira Hernaniko Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak. 

Greba deialdian zazpi eskaera zehatz egin dituzte zerbitzu publikoetan dabiltzan langileek: %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa; pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea; enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin behinekotasuna %8an kokatuz; lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz; politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea; administrazioak eta langileak euskeraz aritzea, iruzurrik gabe; eta jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea. 

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute bat greba deialdiarekin, eta mobilizazioekin «masiboki» bat egiteko deia egin dute ondorengo arrazoiagatik: «Erakundeek eta alderdi politikoek Madrilgo betoan negoziatu eta baliogabetzea lortzeko, zerbitzu publikoen soldatak eta enplegua hemen negoziatu eta adostu ahal izateko».  

Sindikatuetatik nabarmendu dute, «betoa» tarteko, langileen egoerak txarrera egin duela: «Sektore publikoan Madrilek batutari eusten segitzen du euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin, eta bi urteotan langileen erosteko ahalmenak %8ko galera izateaz gain, behin behinekotasun orokorrak ere goia jo du».

Euskal alderdi politikoei eskaera

Sindikatuetatik euskal alderdi politikoei eskatu diete «botoak baliatzea Madrilek ezarritako betoa galarazteko». Aste gutxi barru landuko den Estatuko Aurrekontuen Legean «beto horiek kentzearen alde» egiteko eskaera egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!