‘Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero’, kaleratu du Urtzi Urkizuk

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 9a, 00:00

Urtzi Urkizu 'Txoria hodei artean' liburuarekin.

Kazetari eta idazle hernaniarrak Euskal Telebista publikoaren inguruko hausnarketak jaso ditu liburu batean.

ETBk 40 urte ditu, eta Urtzi Urkizu kazetari eta idazleak Euskal Telebista Publikoaren inguruko hausnarketak jaso ditu ‘Txoria hodei artean’ liburuan. Aste honetan aurkeztu du Donostian. 

Liburuan, lau hamarkadako ibilbide horren ikuspegi zabala eskaintzen du Lezokoak, azken 16 urtetan Hernanin bizi izan den Urtzi Urkizuk: telebista ezerezetik sortu zen «garai heroikoetatik» gaur egungo erronketara, adimen artifiziala kasu. Ikuspegi zabal horrek dokumentazio lan sendoa du oinarri, baina batez ere egileak hainbat aritu eta adituri egin dien elkarrizketa sorta oparoa, 35 guztira. 

Ahotsugaritasunak eta Urkizuren kazetari esku trebeak bizitasun haundia ematen diote testuari. Beraz, irakurketa erraz eta atsegina da. Lan hau ez da, baina, informazio, oroitzapen eta iritzibilketa hutsa. Lerro artetik gailentzen da azken urteotan euskal gizartean sumatzen den kezka bat: euskerazko telebistak behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei? Urkizuk aditu eta arituen proposamenak jaso ditu, eta hark ere egin ditu bereak liburuaren epilogoan. Hitzaurrea Itziar Ituñok idatzi du.

Martin Anso editoreak aurkezpenean adierazi zuenez, «azken urteetako kezka bat plazaratu du eta gogoeta egiteko materiala da». Euskal Telebistaren «iraganaz eta etorkizunaz» hitz egiten duela aurreratu dute, eta baita beste hamaika gaien inguruan ere: «ETB1 eta ETB2ren arteko desorekaz, gobernantza ereduaz, bikoizketa politikaz, fikzioaren funtzioaz edota adimen artifizialaz hitz egiten da liburuan. Gogoeta eztabaida horren premia begibistakoa da eta hori sustatzeko eta horretan sakontzeko tresna bikaina da Txoria hodei artean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!