Bizipoza Elkarteak egun osoko jaialdia, Bizipoza Jaia, antolatu du apirilaren 27rako Hernanin. Egun osoko jaia izango da, goizeko 11:00ak aldera hasita. Oraindik egitaraua ez dago guztiz itxita, baina nahiko aurreratua dute antolatzaileek. Hernaniko zenbait eremu hartuko dira; hala nola, Atsegindegi eta inguruak (Biterin, Urbieta kalean…).
Gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste Ttarla dantza taldeko kideak, Porrotx eta Marimototsek ere ikuskizuna eskainiko dute, eta Hernaniko Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoak ere bertan izango dira. Parte hartzailea den gune bat ere osatu da, tailerren gunea deitutakoa. Familia guztiak parte hartzeko aukera izango du bertan, noski. Tartean izango da Kanika Aisialdi taldea.
Asteartean aurkeztu zuten ekitaldia Biterin eta bertan izan ziren Bizipoza elkarteko ordezkariak, Leire Elizegi eta Markel Oiarzabal; Elkarte antolatzailea, Amaia Irazusta (Pausoka) eta Joseba Labaka (Super H); eta Hernaniko Udaleko ordezkariak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Axier Mingo hezkuntza eta euskera zinegotzia.
Bizipoza elkartea gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartek osatzen dute. Denak, izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, haur eta familiek osatutakoak, hain zuzen. Eta Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskeratik eta euskeraz. Horretarako Bizipozaren helburu bada elkarte guzti hauek egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea.
Jaialdiaz gain, sentsibilizazio kanpaina bat egin dutela ere azaldu zuten. Amaitzeko, «laguntza ongi etorria» dela aitortu zuten denek eta boluntarioak ere behar dira. «Oholtza beheko lana ere beharrezkoa da» eta banakoak ongi etorriak izango dira. markel@bizipoza.eus helbidean lortu dezakete informazioa, baita 688 733 696 telefono zenbakian ere.