Erromeria eta dantzaldia Tilosetan, «txotx garaia eraldatzen hasteko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 00:00

Oinkari dantza taldeak eskainiko du emanaldia.

Sagardoaren Mahaian egindako hausnarketetatik sortu dute proba pilotua. Herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia.

Hernanira iristen den bisitari kopuruagatik «herritarrak kanporatuak» sentitzen direla eta, proiektu pilotu bat martxan jartzea erabaki du Sagardoaren Mahaiak. 

Sagardogileek, ostalariek, Kaxkoko bizilagunek, Udalak eta elkarteek hartu dute parte eztabaidetan, eta kultur ekitaldi bat antolatu dute larunbat honetarako. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da programazioa, mutil dantzekin. Ondoren, erromeria izango da, eta 19:30etan Oinkari dantza taldearen ikuskizuna. Herriko kulturgileak ere arituko dira Tilosetan. 

Sagardoaren Mahaiko kideek zehaztu dute jarduera honek bi helburu dituela: «Batetik, hernaniarrok espazio publikoa berreskuratzeko xedea du, txotx denboraldian ere herritarrek sagardoaren kulturaz eta harremanez gozatzeko. Bestetik, kanpotik datozenei Hernaniz modu osasuntsuan goza dezaten gonbidatu nahi zaie». 

Proba pilotua «txotx garaia eraldatzen hasteko» xedearekin abiatu dute, eta eragile guztiek parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!