PSE-EEren eta EAJren «ekidistantzia» kritikatu du Hernaniko EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 00:00

Koaliziotik nabarmendu dute «Palestinaren aldeko elkartasuna biderkatzeko» unea dela. 

Gernika Palestina Sareak deitutako aldarrikapenetan ez parte hartzearen harira, Hernaniko PSE-EEren eta EAJ-PNVren «ekidistantzia» kritikatu du EH Bilduk. 

Otsaileko osoko bilkuran aurkeztu zuten «Palestinar herria jasaten ari den genozidioa salatzeko» mozioa, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin onartu zen. EAJk eta PSE-EEk abstentziorako hautua egin zuten, eta erabaki hori kritikatu du koalizioak: «Israelen eta Palestinaren sufrimendua eta errealitateak maila berean jartzeko saiakera egin zuten, onargarria ez den ekidistantzia bat irudikatzeko ahaleginean». 

Hernaniko EH Bildutik nabarmendu dute «aurrekaririk gabeko erasoaldiaren aurrean» ezin dutela «eskuak gurutzatuta» geratu: «Palestinaren aldeko elkartasuna biderkatzea dagokigu, haien eskaerei erantzun eta gure arduretatik eraginez. Aitzakiarik gabe, gu beti Palestinarekin!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!