Bizi garen gizarte honetan, daukatenen alde eta ez daukatenen aurka halabehar saihestezin bat dagoela dirudi. Horrela azaldu daiteke Hernanin Floridan babes publikoko 308 etxebizitzak eraikitzeko Udalak egin duen proposamena. Guztiak erosi ahal izango dituztenentzako izango dira, eta bat ere ez erosi ezin dituztenentzako. Nahiz eta Gobernu Planean alokairuzko etxebizitzak lehenetsiko direla esan, Udalaren proposamenean alokairuzkorik ez dago aurreikusita (politikoen etikaren erakusgarri argia, gauza bat esan eta alderantzizkoa egin). Etxebizitza erosi ahal dutenentzako onuragarria baina ezin dutenentzako baztertzailea den planaren halabeharrezkoa justifikatzeko arrazoiak eta aitzakiak izango dituztela ez dut zalantzan jartzen. Baina, nik ez diet bozkatu halabehar bidegabeen morroi izateko. Ez!!!. Horretarako ez, halabehar makur horiekin hausteko baizik. Ezta besteek egiten duten politika berdina egiteko ere, baizik eta bizimodu konformista eroso horretatik ihes egiteko, eta behingoz, gizartean dauden bidegabekeriak errotik zuzentzen hasteko.
Herritarren parte hartzea bultzatu nahi duen Udalak beste akats izan du. Etxebizitzaren proposamena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 15ean atera zen, eta ordutik jendaurrean dago. Hiritarrok martxoaren 14a arte dugu epea, dokumentua ezagutu eta alegazioak edo iradokizunak egin ditzagun. Baina prentsaren bitartez, hogei egun lapurtuz (nahita?), hiritarrok martxoaren 2 eta 3an jakin izan dugu. Nik nirea egingo dut, Floridan egin behar diren etxebizitza guztiak alokairuzkoak izan daitezkeela eskatuz, exijituz eta beharbada erregutuz ere.