Zer da zuretzat emakume izatea?
Nik beti sentitu izan dut, ezeren gainetik, pertsona naizela. Halaxe sentitu izan naiz, eta horren defentsan aritu naiz lanean. Pertsona naizen heinean, iruditzen zait aldarrikatzeko betebeharra daukadala, eta ez da kasualitatea egungo aldarrikapen indartsuenak emakumeenak izatea, urte askoan egon garelako guztiz baztertuta. Gure zeregina txintxoak izatera eta unean uneko legeak betetzera mugatzen zen, beti gizonen menpean. Nire kasuan, denborarekin aldatzen joan da hori, baina oraindik min haundia eragiten didaten gauzak daude.
Esaterako, aurreko astean entzun nuen Euskadin 57.000 emakumek dutela lanaldi murriztua eurek nahi izan gabe; gizonezkoetan, berriz, 18.000 dira. Horrelako datuek erakusten dute zein den benetako egoera. Gure belaunaldiko emakumeoi egokitu zaigu etxean lan egitea, egoera horrelakoa zelako; gizonak familia mantentzeko ardura zuen eta emakumeak etxea zaintzekoa. Hori aldatzen joan da pixkanaka, baina aipatutako datuek bereziki sutzen naute. Emakume asko astelehenetan 1080 euroko pentsioak aldarrikatzen egotea ere ez da kasualitatea; bere garaian gutxiago kotizatzeko aukera izan genuenez, horren arabera ordaintzen digute eta.
Gaur gaurkoz, oso harro nago emakume izateaz. Lehen ez ginen aldarrikapen ozenak egitera ausartzen, baina orain bai. Gizartean gure lekua egitea lortu dugu, eta badakigu gauza asko dauzkagula eskatzeko. Gauza bera gertatzen da pertsona helduekin.
Nola bizi izan dituzu mugimendu feministaren garapena eta emakumearen ahalduntze prozesua?
Guzti horrek lanean harrapatu nau. Ezkondu orduko etxean egon behar izan nuen lanean, baina segituan sortu zitzaizkidan bertatik kanpoko interesak. Haurrak izan genituenean hezkuntza jakin bat eskaini nahi geniela erabaki genuen, eta Langile ikastolaren sorreran lan asko egitea tokatu zitzaigun. Horrek asko hausnartzeko aukera ahalbidetu zigun guztioi.
Gizarteko jardueretan parte hartzen duzun heinean, pixkanaka aldaketa txikiak ikusten joaten zara. Ez da beharrezkoa aldiro bandera bat eramatea, auzi sinpleagoetan dago askotan gakoa. Gauza jakin batzuk egin behar izan genituen guk, eta horrek gizarte mailan bizirik mantendu gintuen. Nire ibilbidea horixe izan da. Kolpe asko jaso behar izan ditut, baina injustizia bat dagoela iruditu ezkero, hori salatzeko beharra daukat. Horixe da nire errealitatea.
Nola ikusten duzu Hernaniko mugimendu feminista?
Oso ondo. Gainera, mugimenduaren barruan badaude bereziki gustatzen zaizkidan jarduerak. Etorkinekin egiten ari diren lana sekulakoa iruditzen zait, guk bezalaxe, haiek ere laguntza eta babesa behar dutelako. Talde feministetatik babes hori ematen ari dela ikusten dut. Iruditzen zait ondo ari direla lanean. Gehiago egin daitekeela? Ziurrenik bai, baina denborak irekiko ditu lan ildo berriak.
Aipatutakoaz gain, nik garrantzi haundia ematen diot pertsona bakoitzaren autonomiari. Nire iritziz, feminismoa ondo ari da horretan, muturrera joan gabe hazten jakin duelako. Zaintzaren arloan ere lan bikaina egiten ari dira.
Zer geratzen da egiteko?
Hasteko, emakumeen artean kontzientziak astindu behar ditugu. Iruditzen zait guztiok argi izango bagenu aldarrikapenak elkarbanatu behar ditugula, askoz ere gehiago aurreratuko genukeela. Oso garai gogorretatik gatoz, lehen ezin genituen indarrak batu, eta horrek eragin haundia du gaur egungo jarrera askotan. Emakume heldu asko 'esnatu' behar ditugula iruditzen zait.
Zer esango zenieke belaunaldi berriei?
Esango nieke ingurura begiratzeko, beti dagoelako laguntzeko aukera. Beti dago aldarrikapenak egiteko aukera, eta ez da muturreko pentsamendu bat izan behar aldarrikapen horiek gauzatzeko. Eskatuko nieke gizarte hobe baten alde lan egiteko, eta lanean hasten diren momentutik izateko kontzientzia hori.