Terrazen ordenantza berriak elkarbizitza antolatu nahi du

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 4a, 00:00

Hiru hilabeteko epea izango dute establezimendu interesatuek eskaerak egiteko.

Hernaniko Udalak erabilera publikoko eremuetan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza berria onartu du, herri osorako. Pasa den astearteko udalbatzarrak ahobatez onartu zuen araudi berria. 

Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak aitortu duenez, «ez da erraza erabilera publikoaren erabilera pribatua ordenatzea, interes ezberdinek talka egiten baitute. Elkarbizitza antolatu bat sortzen ahalegindu gara». 
Hain zuzen ere, ordenantza berri honekin Udalaren helburua bizikidetza eta tokiko garapen iraunkorra sustatzea da, erabiltzaile mota ezberdinen elkarbizitza bermatuz. Izan ere, espazio publikoaren erabileran oreka eustea ezinbestekoa da herri bizitza osasungarri baterako.

 

Inplikatuek eta udal taldeek parte hartu dute prozesuan

Orain arte, 2005eko udal ordenantzak arautu izan du eremu publikoaren erabilera pribatiboa. COVID19ak eragindako pandemia etorri zenean, ordenantza hori behin-behinean bertan behera geratu zen eta baimen bereziak eman zituen Udalak. Egoera normaldu ondoren, Udala ohartu zen 2005eko udal ordenantza zaharkitua zegoela eta beharrezkoa zela berritzea, egoera berria aztertu eta baldintza berrietara egokitzeko. 

Ordenantza berria egiteko prozesuan, ukitutako sektore ezberdinak aintzat hartu ditu Udalak. Xabier Lertxundi alkateak «eskerrak» eman dizkie prozesuan parte hartu duten eragile guzti-guztiei. 

Batetik, ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu establezimenduei inkesta pasatu zitzaien, baita herritar, elkarte eta eragile sozialei ere. Aurrez aurreko zenbait bilera ere gauzatu ziren: horietako batean, Kaxko, Berriak eta Koxka elkarteekin bildu zen Udala.

Beste batean, ostalariekin eta hirugarrenean, herritarrekin. Ondoren, saio bateratu bat egin zen proposamena aurkezteko. 

Udal barruan Gobernu Taldeak egindako proposamenari ekarpenak egin dizkiote EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemos alderdiek. Haiek ere babestu dute ordenantza berria. 
Gaiaren konplexutasuna aintzat hartuz eta edonork ekarpenak egiteko aukera izan zezan, alegazio epea luzatu zuen Udalak. 

 

Muga fisikoek zehaztuko dute gehieneko mahai kopurua

Ordenantza berrian, muga fisikoek arautuko dute terraza bakoitzean jarri ahal izango den gehieneko mahai kopurua. Era berean, bost mahai baino gehiago dituzten terrazak gutxienez mahai irisgarri bat izan beharko dute.

Ibilgailuak igarotzen diren bideen beste aldean jarri ahal izango den gehieneko kopurua eta, plazetan zein gainerako lekuetan jarri ahal izango den mahai ilara kopurua ere markatzen du ordenantza berriak. 

Terrazak jartzeko ordutegia bera izango da urte osoan (8etan astean zehar eta 9etan asteburuetan). Udako denboraldian (maiatzaren 1etik urriaren 31ra), jasotzeko ordutegia zabalagoa izango da: 23:30ak arte igandetik ostegunera eta 00:30ak arte ostiral, larunbat eta jai-bezperetan.  

Era berean, saltokien fatxadan ainguratutako toldoak eta egituradun toldo mugikorrak; alboetako babesak, manparak eta loreontziak, eta merkataritza-establezimenduek produktuak erakusteko erabiltzen dituzten kaleko altzariak ere arautzen ditu ordenantza berri honek. 

 

Eskaera berriak egiteko epea ordenantza GAOn argitaratu ondoren hasiko da

Eremu publikoan elementuak jarri nahi dituzten interesatuek eskaera berria egin beharko dute, ordenantza berriaren arabera. Horretarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzen denetik hiru hilabeteko epea izango dute. Udalak epe hori noiz hasi eta bukatuko den jakinaraziko du. 

Baimena eskuratzen denetik, hilabeteko epea izango dute establezimenduek ordenantza berrira egokitzeko beharrezko aldaketak egiteko.  
Laguntza teknikoa izan du Udalak ordenantza berritzeko prozesua aurrera eramateko orduan. Era berean, orain ere laguntza jasoko du esakera berriak bideratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!