Floridan babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzeko proposamena argitaratu da

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 3a, 00:00

Florida auzoan eraikitzea aurreikusita dauden etxeen planoa.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, eta alegazioak eta iruzkinak aurkezteko epea zabalik dago.

Florida auzoan babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzeko proposamena argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta alegazioak eta iruzkinak aurkezteko epea zabalik dago. Hernaniko Udalaren, Etorlurren eta Construcciones Sukiaren arteko hitzarmenak aurreikusten du Florida auzoko industria gune ohi horretan etxebizitzak eraikitzeko plan bat garatzea. Dokumentua jendaurrean dago martxoaren 14a arte, herritarrek dokumentua ezagutu eta alegazioak edo iradokizunak aurkezteko aukera izan dezaten.

Hernanin etxebizitza eraikuntza arloan dagoen proiekturik haundienetakoa da Florida eta gainera, degradatutako eremu hau biziberritzeko baliatuko da. Besteak beste, Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur sozietateak eta Construcciones Sukia SM eraikuntza enpresak aurrera eramango dute plangintza hori, elkarlanean.

Guztira, babes publikoko 308 etxebizitza eraiki behar dituzte industriagunea zegoen tokian. Horietatik 176 etxebizitza babes ofizialekoak izango dira eta 132, berriz, udal etxebizitza tasatuak. Hernaniko Udalaren Gobernu Planeko 135 proposamenetako bat da honako hirigintza plangintza hau, eta, besteak beste, gazteei emantzipatzeko bidea erraztea da helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!