Etxebizitza arazoari buruz, hitzaldia gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Emantzipazioaz hausnartzeko saioa izango da, 11:30etan hasita Kontrakantxa gaztetxean.

Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, hitzaldia izango da gaur, etxebizitza arazoari buruz. Goizeko 11:30etan hasiko da saioa, Kontrakantxa gaztetxean, 'Etxebizitza arazoaz eta gazteon emantzipazioaz hausnartzen' izenburupean.

Otsailean martxan jarri berri duten dinamika baten baitan antolatu dute hitzaldia: 'Emantzipatzeko ezintasuna borrokatu!'. «Gazte langileon bizi baldintzak okerrera doaz. Prezioen igoera, soldata baxuak, emantzipatzeko ezintasuna eta abar dira gure errealitatea. Egoera honetan, eskualdeko gazteok ezin dugu emantzipatu. Horregatik, egoera hau salatu eta gazteon artean borrokarako grina pizteko dinamika bat jarri dugu martxan», azaldu zuten. Horren baitan, laneguna izan zuten otsailaren 15ean Kontrakantxan, eta komitea hilaren 17an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!