«Bigarrenez eskatu behar izan dugu informazioa harrobiko ihesari buruz»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Hernaniko PSE-EEk salatu du «EH Bilduren arduragabekeria, Santa Barbarako harrobiko lixibiatuen ihesaren kudeaketan eta kontrolean».

Kritiko azaldu da Hernaniko PSE-EE, Santa Barbarako harro­biko lixibiatuen ihesaren kasuan «EH Bilduk erakutsitako arduragabekeriarekin». Sozialistek salatu dutenez, «bigarrenez» eskatu behar izan dute gaiari buruzko informazioa, «EH Bilduren gobernuak emanda­ko informazioa osatu gabe dagoelako, edo ez dagoelako».

Ricardo Crespo bozeramaile sozialista «atsekabetuta» agertu da EH Bilduren «gardentasun faltarekin. Alkateak gardentasuna aldarrikatzen badu ere, egia esateko orduan ez da horrela. Informazioa eskatzen dugun bakoitzean, berriro eskatu behar dugu osatzeko, ez baita behar bezala erantzuten». Bi adibide aipatu ditu horrekin lotuta. Bata, 2020tik eskatutako konpostaren analisien ingurukoa: «EH Bilduren gobernuak esteka bat jarri du ustez datu horiek biltzen dituen webgunera, baina webgune hori ez dago erabilgarri eta ez du daturik eskaintzen». Beste adibidea dagokio kimaketen hondarrak bidaltzen zaizkion enpresari, birrintzeko eta horrekin konposta egonkortzeko: «Enpresa horri buruzko informazioa eskatu dugunean, 2023ko azaroko aurrekontua baino ez dugu jaso».

Zentzu horretan, udal talde sozialista «oso kezkatuta» agertu da «EH Bilduren gobernu taldearen iluntasunagatik. Oso egoera kezkagarria da, zer ezkutatu nahi dute? Nola liteke, alkateak aitortu zuen bezala, gure zerbitzu teknikoek lixibiatuen ihesa URAk baino lehenago antzematea, eta inork ez erabakitzea lixibiatu horien analisiak egitea? Nola egon gaitezke lasai Hernaniko herritarrok, gobernu taldeak instalazio hori kontrolatzeko gutxieneko funtzioak bete ez baditu? Non dago sarrera-irteeren erregistro-liburua?». Era berean, PSE-EEk gogora ekarri nahi izan du, «EH Bilduk uko egin ziola gertakariari buruzko ikerketa batzorde esklusibo bat sortzeari».

Edonola ere, sozialistek adierazi dute «adi» jarraituko dutela harrobiaren inguruan izandako ihesaren kasua, «Hernaniko EH Bilduren gobernuek gaizki tratatu duten eremuan»; eta udal ikerketen ondorioen zain daudela, «kasuari buruzko behin betiko iritzia emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!