Eskubaloi jardunaldia, bertan behera

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Asteburuan ez da partidurik izango.

Epaileen aurkako erasoengatik hartu du erabakia Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak.

Epaileen aurkako erasoak direla eta, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak asteburu honetako jardunaldia bertan behera uzteko erabakia hartu du. Otsailaren 17an entrenatzaile batek epaileari egindako erasoak piztu zituen alarmak federazioan, eta aurreko asteburuan gutxienez 6 epailek salatu dute erasoak jasan dituztela. 

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak argitaratutako oharrean argi azaltzen du jardunaldia bertan behera uztearen zergatia, eta erabakiaren helburuak ere zehaztu ditu: «Bertan beheratze hau gogoeta jardunaldi bihurtzea nahi dugu. Gipuzkoako eskubaloiaren familia osoak hausnar dezan eta jabetu dadin gure partiduetan indarkeria hartzen ari den lekua deuseztatu behar dela, egungo egoera jasanezina baita». 

Horrez gain, eskubaloiaren inguruan dabiltzan pertsona eta eragile guztiekin bilera bat egingo dute, martxoaren 13an, indarkeriaren aurkako batzorde bat sortzeko asmoz: «Ezinbestekoa da guztiok jarrera argia eta bateratua izatea indarkeriaren aurrean, horrela gure kirolaz eta haren berezko balioez gozatzeko aukera izango dugu: errespetua, elkartasuna eta laguntasuna».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!