«Hernani Burujabe hasi da lehen emaitzak ematen eta hernaniarren eguneroko bizitzan onurak ekartzen»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00

Burujabetzen Kontseiluko kideak, Burujabetzen Etxean.

Hernani Burujabek 2023ko memoria onartutzat eman zuen otsailaren 23an eta memoria honek dituen puntu nagusien berri eman dute Burujabetzen kontseiluko kideek, sektoreka.

Hernani Burujabe martxan jarri zenetik hiru urtera «emaitzak ematen» hasi dela aitortu dute Hernani Burujabe osatzen duten kideek; «hernaniarren eguneroko bizitzan onurak ekartzen». Horretarako, urratsak egin dituzte elikagai sorreran eta horniduran, energian, zaintzan eta telekomunikazioetan, besteak beste. 

Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat: «Egungo eredu ekonomiko xahutzaile, ekologikoki jasanezin eta ezberdintasun sortzailearen aurrean, alternatiba bizigarri, iraunkor eta parekide bat martxan jarri nahi du Hernani Burujabek, justizia sozial eta ekologikoa eta planifikazio eredu publiko-ekonomiko-komunitarioa ardatz hartuta. Hernanin martxan den egitasmoa tokiko garapen burujabean oinarritzen da. Esan nahi baita, estrategikotzat jotzen diren esparru guztiei ahalak eman nahi dizkie bertan antolatzeko, sustapen publikoaren bidez, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta garatu daitezen».

Hernani Burujabeko Burujabetzen Kontseiluak onartu berri du 2023ko memoria, «justizia sozialaren eta parekidetasunaren bidez, pertsonak erdigunean jarri nahi dituen alternatiba burujabeak iaz egindako ahalegina utzi du agerian».  Hala, Hernani Burujabek memoriaren puntu nagusiak elkarbanatu ditu herritarrekin, sektoreka.

 
Elikadura

Elikadura sektoreak baieztatu du, 2023ak Herrilur dendaren kontsolidazioa ekarri duela: «142 bazkide dira jadanik, eta eskaintzen duen produktuen aukera gero eta haundiagoa da. Elikagai horien horniduraz Henase nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkartea arduratzen da». Era berean, elikadura sektorearen arabera, «urte oparoa» izan da: «Besteak beste, nekazari eskolaren lehen edizioa izan delako. Bazterketa egoeran dauden pertsonei formakuntza eskaini zaie. 29 pertsonak egin dute formakuntzaren atalen bat, eta horietatik seik bukatu egin dute. Haietako lauk aurrez zehaztutako helburuak osorik bete dituzte, eta beste bik, partzialki. Bost ikaslek ordaindutako praktikak egin dituzte Henaseren etxaldeetan, eta batek lana lortu du geroztik. Beste bat Karabelekon hasi da lanean. Gainerakoek jarraitzen dute nekazaritzan eta abeltzaintzan profesionalki murgildu ahal izateko formakuntza garatzen».

Bestalde, Hernani Burujabek irailean jarri zuen martxan Hernaniko Sukalde Zentrala, eta bertara eramaten dira Henaseko tokiko produktuak eta han eraldatzen dira. Sukalde zentrala, besteak beste, tuper zerbitzua eskaintzen hasi da: «Guztira, sei pertsona ari dira lanean sukalde zentrala kudeatzen duen Bertatik enpresan. Banaketa zerbitzua ere abian da, eta hor ere langile bat hasi da. Furgoneta isotermiko bat ere erosi dute, elikagai zerbitzu horretan baliatzeko», kontatu dute Hernaniko Burujabeko kideek, xehetasunez.

Energia

Energiari dagokionez, Enherkom Hernaniko Energia Komunitatearentzat «garrantzitsua izan da 2023a». Kooperatiba sortu eta urtebetera bi langile kontratatu ditu, eta bidean jarri ditu autokontsumo kolektiboko lehen ekoizpen zentroak. «Haietako batek, Zubipen plaka fotovoltaikoak ezarri dituenak, laster emango ditu bere emaitzak, eta 87 onuradun hasiko dira energia bertatik jasotzen. Hasi dira ere aurten hainbat udal eraikinetan instalazio fotovoltaiko partekatu bat ezartzeko tramiteak. Bi enpresetan autokontsumorako instalazioak bideratzen hasi da Enherkom, eta beste bederatzi enpresetarako horren bideragarritasun azterketak egingo ditu».

Horrez gain, Hernani Burujabe energia bulegoa eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen hasi da, eta zerbitzuari buruz jardun dute: «Merkatariei eta enpresei eskaintzen zaie. Bulegoak 444 herritarren kontsulta jaso du 2024an. Horrez gain, enpresei euren karbono aztarna neurtzeko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko zerbitzu bat eskaintzeko oinarria jarri du». 

Bestalde, Hernaniko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean pobrezia energetikoa saihesteko balioko duen proiektu bat diseinatzen hasi da. 

Zaintza

Hernani Burujaberen zaintzaren mahaia bi adarretan ari da lan egiten; «batetik, auzo zaintza zerbitzua indartzeko eta zabaltzeko balio izan du 2023ak». 2022an jarri zen martxan zerbitzua, adinekoen «bizi kalitatea hobetzeko asmoz». Geroztik, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 237 pertsonarekin jarri dira harremanetan auzo-zaintza zerbitzuko beharginak. 17 banakako proiektu sozio-hezitzaile daudela martxan azaldu dute zaintzako mahaiek. Horrez gain, familiaz harago sozializatzeko sei topagune eratu dira. Haietan 53 pertsonak parte hartzen dute. Adinekoek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten errazteko ekintzak egin dituzte.

Auzo-zaintza zerbitzua ez ezik, zaintza talde herritarra martxan du Hernani Burujabek. «Gogoeta talde bat izatetik, ekintzak egitera egin du salto talde horrek, eta, besteak beste, zaintza eguna antolatu zuen iaz».

Telekomunikazioa

Hernani Burujabek aitortu du Euskal Herriko telekomunikazioetako operadore publiko komunitario baten eskutik (Ehkom) azpiegiturak hedatzeko lanean ari direla; «Udalarekin elkarlanean, telekomunikazio burujabetzearen bidean». Lau erabiltzaile izatetik, diote 19 izatera igaro zirela iaz: «Bost zuntz optikoarekin ari dira, eta 14 irrati loturaren bidez. Azpiegiturak hedatzeko lan horretan, Martindegi auzoan zuntz optiko sare txikia hedatu dute, eta Santa Barbarako antena baliatuz, Internet seinalea eraman dute landa eremura, hala nola, Jauregi bailara, Antziolara eta Martindegira». Horrekin batera, lantalde horrek, Hernaniko alde zaharrean zuntz optiko sarea hedatzeko proiektua gauzatzen ari omen da: «Horrekin aldez zaharreko etxebizitzen eta komertzioen erdiak estaltzea lortzea espero dute».

Ekhi moneta

Hernani Burujaberen «ikur» gisa izendatu dute Ekhi moneta. 2023garren urteak, Ekhilurren erabilera zabaltzeko balio izan duela aitortu dute: «Hobari sistema arrakastatsu baten bidez, 175.000 euro erabiliz, 1,85 milioi euroko salmenta bolumena lortu du, eta 115 saltoki eta 1.200 erabiltzaileren sare bat osatzea. Herriko elkarteak ere sistemara hurbiltzen hasi dira, eta iaz 2.500 euro banatu ziren zortzi elkarteren artean». Ekhilur taldekoek diote merkatariek eta erabiltzaileek «gero eta konfiantza haundiagoa» dutela Ekhilurren. Azaroan egindako inkesta baten emaitzen arabera, merkatariek eta erabiltzaileek 9,06ko nota jarri diote sistemari.

Biodibertsitatea

Hernaniko Udalak eta Sagarreta elkarteak elkarlanean jardun dute «udalerriok biodibertsitatea zaintzeko eta haunditzeko». Besteak bestek, Udalak 69 lur hektarea inguru erosi ditu, «baso lurrak publifikatzeko helburuari eusteko». Lur publiko horietan gainera, bertako basoen proiekturako hazitegi-mintegia jarri dute martxan: «Burujabetzen Etxean dago mintegia, 3.000 hazi inguru erein dira, inguruko basoetatik ekarrita. Lehen hezkuntzako ikastetxe guztiek hartuko dute parte proiektu horretan, eta mintegian lanean ariko dira goiz batez».

Biodibertsitatea zaintzeko helburu duen talde honek, Urumea garbitzeko auzolan bat ere eraman du aurrera, eta zabor zifrak elkarbanatu dituzte: «369 kilo zabor kendu ditu ibaitik». Garbiketa proiektu hau gainerako herrietara zabaldu nahi dutela ere aitortu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!