Bi orduko kontzentrazioa izango da bihar eguerdian Plaza Berrin, Palestinari babesa erakusteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 1a, 00:00

Hernani Palestina Herri Ekimeneko kideak, udal ordezkariekin batera.

Hernani Palestina Herri Ekimenak antolatu du, 12:00etan hasita; eta bat egin du Hernaniko Udalak, asteartean onartutako mozioaren bidez.

Palestinaren egoerari «kezkaz eta amorruz» begiratzen dioten herritarrak elkartuta, Hernani Palestina Herri Ekimena jarri dute martxan, eta hainbat pauso eman dituzte, «Israelgo estatua egiten ari den nazioarteko zuzenbidearen urratze larria salatzeko». Horietako bat da biharko antolatu duten kontzentrazioa: eguerdiko 12:00etan hasita Plaza Berrin, bi orduko kontzentrazio aktibo txandakatua egingo dute, eta herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deia.

Horren aurretik, mozioa aurkeztu zuten joan den astearteko Plenoan, Hernaniko Udalak salaketarekin eta kontzentraziorako deialdiarekin bat egin zezan. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoekin onartu zen mozioa, eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE.

Ekimeneko ordezkariek azaldu zuten «justifikaziorik gabeko erasoa» dela Israelek «herritarren kontra hasitako oldarraldi indiskriminatua, inoizko larriena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena, egonkortasuna eta segurtasun globala arriskuan jartzen dituena».

Mozioa onartuta, Hernaniko Udalak «irmotasun osoz» arbuiatu ditu Israelgo Estatua «Gazako zerrendan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak»; eta erasoak «bere­hala» gelditzeko eskatu du. Horrekin batera, «erabateko elkartasuna eta estimua» adierazi dio Palestinari, eta «atsekabe sakona» erakutsi du «biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik». Israelekiko «boikot ekonomikoa» ere babestu du, konpromisoa hartuz Israelgo produkturik ez erosteko edota kontrataziorik ez egiteko, eta Israelgo jatorria duten pertsona, elkarte edo eragileekin kultur, kirol edota bestelako izaera duten ekitaldirik ez antolatzeko. Partehartze aktiboa eskatu die, era berean, Europar Batasunari, Espainiako Estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nazio Batuen Erakundeari, ekintza ezberdinen bitartez.

Gainera, Udalak konpromisoa hartu du Palestinako bandera udaletxeko balkoi nagusian eta beste udal eraikinetan jartzeko, hilabetez. Eta biharko kontzentraziora batzeko deia luzatu die herritarrei eta Udaleko alderdi politiko guztiei.

Mozio osoa irakurri daiteke lotura honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!