Ernetu, Gipuzkoako laneratzeko enpresen jardunaldia, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 00:00

Erneturen jardunaldia Biterin izan zen atzo.

Xabier Lertxundi alkateak parte hartu zuen atzo, Biterin izan zen jardunaldian.

Ernetu, Gipuzkoako laneratzeko enpresen jardunaldia izan zen atzo Hernanin, Biteri Kultur Etxean, Gizatea elkarteak antolatuta. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak parte hartu du bertan. «Jardunaldi hau Hernaniko politikekin erabat bat dator», nabarmendu zuen Lertxundik: «Zaurgarritasunari aurre egiteko, politika publikoen bidez ekiten ahalegintzen gara, eta ez karitatetik».

Zailtasunak egon badaude­la aitortu zuen Lertxundik, «merkatu libreak indar haundia baitu», baina «administrazio publikoon eginbeharra da zaurgarritasunari aurre egitea». Bide horretan, Hernaniko Udalak, herriko ehun ekonomikoarekin eta herritarrekin batera martxan duen Hernani Burujabe proiektuaren eredua aipatu zuen Xabier Lertxundik; «estrategikoa da Hernanirentzat».

Alkateak jardunaldian azaldu zuenez, «ezinezkoa da tokiko garapen justua, justizia sozialik gabe». Hori dela eta, Ernetu jardunaldian parte hartu duten enpresei opa die «indartzeko eta gisa horretako gehiago sortzea».

Jardunaldian hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan zen. Horien artean, Hernaniko Maitelan kooperatibaren ibilbidea azaldu zuten Onix Cerdak eta Mikel Tolosak, eta Beterri-Buruntza mankomunitatetik martxan jarritako zenbait proiektu ere eman zituzten aditzera.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetarako zuzendari nagusiak aipatu zuen Hernani eta Beterri-Buruntza mankomunitatea «eredugarri» direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!