Prezio publikoen eta tasen igoera KPIaren berdina izatea onartu da Plenoan, %3,1ekoa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 00:00

Hernani Palestina Herri Ekimenak aurkeztutako mozioa onartu zen EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesarekin eta PSE-EE eta EAJren abstentzioarekin.

Hernaniko Udaleko Plenoak asteartean onartu zuen 2024-25eko prezio publikoak (Haurreskolaren jangelaren prezioa) eta tasak %3,1 igotzea, KPIaren igoeraren berdina. Haurreskolaren jangelako prezioaren igoeraren inguruan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu zuten, EAJ abstenitu egin zen, eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen. «Udalaren gastuak igotzen diren neurrian igotzen dira prezioak. Murrizketak ere badaude, progresibitatea mantentzeko», azaldu zuen Oier Agirresarobe Ogasun zinegotziak. Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak, berriz, adierazi zuen Udalak «bere gain» hartu dezakeela: «Igoeren aurka ez gaude, baina ez hain nabarmena». 

Tasen igoera onartu zen EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta EAJ alderdien aldeko botoekin. PSE-EEK aurka bozkatu zuen: «Zerbitzu publikoak mantendu behar dira eta igoera honek lagunduko luke», adierazi zuen Podemoseko Jaione Aristregik. 

Ordenantza fiskalaren aldaketaren bat ere onartu zen: plaka fotoboltaikoen inguruan, lehen tasa ordaintzen zen eta ondoren jasotzen zen hobaria. Aldaketarekin, murrizketa tasan jasoko da. EH Bilduk eta Podemosek alde bozkatu zuten, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. 

Taxien tarifa berriak ere onartu ziren aho batez, eta baita erabilera publikoko eremuetan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza ere. «Lanketa haundia egin da denen artean, eta zoriontzekoa da», adierazi zuen Xabier Lertxundi alkateak.

Hernani Palestina Herri Ekimenak aurkeztutako mozioa ere onartu zen. EH Bildu eta Podemos alde azaldu ziren, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Biharko Kronikan mozioa zabalago azalduko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!