Asisko Urmenetaren azken liburua aurkeztuko da martxoaren 7an

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 28a, 00:00

Urmeneta, liburua aurkezten. Argazkia: Euskal Kultur Erakundea.

'Gora Euskal Herrientsak!' liburuaren aurkezpena Aratz Ikastolak antolatu du Biterin.

Aratz ikastolak datorren martxoaren 7an, Asisko Urmenetaren Gora Euskal Herrientsak! azken liburuaren aurkezpena antolatu du Biteri kultur etxean, 18:30etan. Asisko Urmenetak, gure historia hurbileko hainbat emakumeren lana ekarri du argitara lan honekin. 

Jule Fernandez Zabaleta (Iruñea, 1898), Kapitolina Buztintze Larrondo (Uxue, 1867), Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, 1884)... emakume aitzindari hauen bizitzak aztertuz, euskal kultura eta euskeraren transmisioan zerrenda askoz zabalagoa osatzen duten emakume eta emakumeen kolektiboei eskertza eta aitortza egin zaie liburu honetan. Lan honekin, aurretik ere komikigintza baliatuz egiten ari den memoria historikoaren berreskurapenean beste urrats bat eman du Asisko Urmenetak.

Martxoaren 8ko testuinguruan antolatu nahi izan du Aratz ikastolak hitzaldia, euskera eta euskal kulturaren transmisioan emakume hauen ekarpena agerira ekartzeko asmotan.
Martxoaren 7an Aratz Ikastolara etorriko da Asisko DBHko ikasleekin egotera eta egun horretan bertan baita ere, arratsaldeko 18:30etan Biteri kultur etxean izango da aurkezpena herritar guztientzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!