Victor Goikoetxearen 'ErosionC7Perla' obra egongo da ikusgai Madrilgo Artearen Astean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 28a, 00:00

Erosion-c7perla

'Naturaleza en texturas' lanetan, hernaniarraren obra Kristalezko Jauregiko erakusketa kolektiboan izango da martxoaren 6tik 10era.

Madrilgo Arte Garaikidearen Astea ospatuko da martxoan, eta hor barruan kokatzen da Art Madriden 19. edizioa, martxoaren 6tik 10era, Cibeles Jauregiko Kristalezko Galerian. Montalban kalean dago kokatuta galeria. Art Madridek, oraingoan, hogeita hamasei galeria eta nazioarteko eta estatuko azken joera artistikoak ordezkatzen dituzten berrehun artista inguru bilduko ditu bost egunez. Art Madriden edizio berri honekin batera Programa Paralelo berritu bat dator.

Artista horietako bat da Victor Goikoetxea hernaniarra. Bere Erosion C7Perla obra egongo da ikusgai bost egunez. Dimentsio haundiko lana da eta CLC Arte agentziak erakutsi duen obra nagusia izango da. Lau artista eramango ditu CLC Agentziak, Manu Iranzo, Luz Moreno Pinart, Luis Miguel Rico eta Victor Goikoetxea Naturalezas en textura izenburupean. 

Sortzaile hernaniarrak urteak daramatza, hain zuzen ere, testurak eta materialak ardatz dituen ikerketa-lan batean murgilduta, eta horrek ospe haundiko lagin baten protagonista izatera eramaten du.
Madrilgo Arte Garaikidearen Astearen barruan, erakusketarik ezagunenak Ifemako Arco eta Kristalezko Jauregiko Art Madrid dira. Azken honek artista hernaniarraren protagonismoa du. Hernaniko artista Valentziako galeriatik dator, gaur egun ordezkatzen duen hiruretako bat.

 

Jabean ere erakusketa Recoleto Galerian

Madrilgo azokarekin batera, Victor Goikoetxeak berak parte hartuko duen beste erakusketa bat izango da, Jabeako (Alacant) Recoleto Galeriakoa. Gaur egun ordezkatzen duten beste galeria bat da, Londresko Eclectic Galleryrekin batera. Jabeako erakusketarena ere erakusketa kolektiboa da, beste artista aipagarri batzuen  lanarekin espazioa partekatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!