«Feminismo komunitariotik iruditzen zaigu beharrezkoa dela feminismoari buruzko dialogoak sortzea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 27a, 00:00

Bihar arratsaldeko 18:30etan, 'Narratiba berriak ertzetatik' hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Kulturarteko Plaza Feministan, Adriana Guzmanen ekintzailearen eskutik.

Adriana Guzman ekintzaile lesbiana feminista komunitario boliviarrak, 'Narratiba berriak ertzetatik' hitzaldia eskainiko du bihar Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 18:30etan. Kronikarekin jardun du ekintzaile boliviarrak, besteak beste, hitzaldiaz, feminismoaz, sistema zapalduaz eta mundu berri batez.

 

Bihar eskainiko duzu ‘Narratiba berriak ertzetatik’ liburuari buruzko hitzaldia. Zer kontatuko duzu bertan? 

Boliviako Aimarako zenbait herritar egon gara feminismo komunitarioa eraikitzen, eta iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela lurralde ezberdinetako feminismoen arteko dialogoak elkarbanatzea, eta horretan oinarrituko da hitzaldia. 

Batez ere garai hauetan, beharrezkoa ikusten dugu feminismo erabilgarriak planteatzea herrialdeen borrokarako, herrialde hauek sistema patriarkatu, kapitalista, kolonialista, arrazista eta estraktibista bati aurre egiteko gai diren heinean. 

Feminismoari buruzko irakurketa bat planteatuko dut, feminismoa solasaldi akademikoez eta teorikoez haratago doana, hain zuzen ere. Beharrezkoa iruditzen zaigu feminismoari buruzko dialogoak sortzea, baina aldi berean munduko punta ezberdinetako feministok antolatzea.

Feminismoa deskolonizatu beharra dago; izan ere, bilatu behar ditugu feminismoaren baitan dauden begirada arrazista horiek. Gaur egun gertatzen da, feminismoaz hitz egiten denean berdintasunaz ari garela, baina konturatu behar gara ezin dela berdintasunik lortu desberdintasunez betetako mundu batean, orekarik ez dagoen mundu batean. Hortik hasten bagara, ezingo genuke berdintasunaz hitz egin. Genozidio bat gertatzen ari den lurralde batean, nola eraikiko dugu berdintasuna?

Beraz, iruditzen zait dialogo hauek sortzea premiazkoa dela. Horretarako noa Hernanira, dialogo horiek sortu eta herritarrekin elkarbanatzeko.

 
Zer lortu nahi duzu aipatu dituzun dialogoak elkarbanatuta? 

Guretzako, feminista komunitarioentzat, premiazko beharra da patriarkaturik gabeko mundu ezberdin bat sortzea. Eta ulertzen dugu mugimendua ez dela Boliviatik bakarrik egin behar, egin behar da hiriburu haundiak dituzten lurraldeetan, esan genezake, boterea dagoen lurraldeetan. Beraz, feministekin elkarbanatu nahi ditugu gure hausnarketak eta munduari buruz egindako irakurketak.

 

Nola uste duzu aterako direla herritarrak behin hitzaldia entzunda? 

Uste dut aterako direla gaur egun bizi dugun errealitatea zalantzan jarriz, egungo errealitateari buruzko beste ikuspuntu batekin, azkenean, gizarteko izaki bakoitzak du erantzukizuna eta hortik eraiki daiteke mundu ezberdin bat. 

 

Aipatutako aldaketa hauek lortzeko, zer nolako erremintak erabiliko dituzu?

Uste dut mundua aldatu dezakegula bakoitzak bere lekutik. Horretarako oso garrantzitsua da hezkuntza eta estatuarekiko diskurtsoa. Zer eskatuko diogu estatuari? Zein izango da bere erantzukizuna? Zein izango da geuk herritar moduan feminismotik egingo duguna?

 

Zu izango zara hizlaria, baina parte hartzeko aukera egongo da, ezta? 

Bai noski, nahiago dut herritarrek parte hartzeko aukera duten hitzaldia izatea. Nik hitz egingo dut, baina iritzi guztiak izango dira ongi etorriak eta gure artean solasaldiak sortzen badira, oraindik eta hobeto. Nik esperientziak elkarbanatuko ditut, besteak beste, Bolivian gertatzen ari dena, eta Argentinan gertatzen ari dena. Eta hauek azalduta, hemengo, Euskal Herriko errealitateak ere ezagutuko ditugu. Hitz egiteaz gain, liburuen gomendioak ere elkarbanatuko ditugu, feminismoan oinarritutakoak batik bat.

 

Euskal Herriko eta Boliviako feminismoari buruz, zer esan dezakezu?

Uste dut adibidez Bolivian eta Euskal Herrian badauzkagula zenbait ezaugarri amankomunean, adibidez, zapalduak izandako lurraldeak garela eta uste dut, elkar ulertu gaitezkeen bi lurralde ezberdin garela aldi berean. Boliviako eta Euskal Herrikoak bat egin dezakete eta elkarrekin antolatu.

 

Edonor bertaratu daiteke hitzaldira?

Bai noski, sistema dominante baten aurkako borroka denon erantzukizuna da, beraz, borrokan edo aldaketan sinesten duten oro izango da ongi etorria. Hitzaldi honekin, iritziak elkarbanatuko ditugu eta ikusiko dugu posible dela mundu hobeago bat eraikitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!