'Irigoienetik Plazara' diskoa aurkeztu du Imanol Iribarrenen Aldapeko taldeak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 26a, 00:00

Nahia Valle eta Imanol Iribarren, ezkerretik hasita lehena eta hirugarrena.

Bigarren diskoa du Aldapeko basque latin jazzek, eta parte hartu dute Xabi Solanok eta Ixiar Jauregik ere.

Bere bigarren diskoa, disko bikoitza, kaleratu du Imanol Iribarrenek zuzentzen duen Aldapeko basque latin jazz taldeak, 'Irigoienetik Plazara' izenburupean. Euskal musika tradizionala berreskuratu, eta egungo musika estilo garrantzitsuenetako batera eraldatu nahi izan du taldeak, latin jazzera. Andoaindarra izatez, Hernanirekin lotura estua dauka Imanol Iribarrenek. Hernaniko Musika Bandako kide izan da azkeneko 12 urteetan, eta herrian bizi da egun.

Disko honetan, gainera, musikari ezagunen kolaborazioa izan du taldeak: Xabi Solano, Ixiar Jauregi, Ines Osinaga, Asier Gozategi, Thierry Biscary, Frank Delgado eta Harkaitz Bastarrika.

Disko bikoitza da kaleratu dutena, eta bi zati ezberdin dauzka. Aurrenekoa, 'Irigoienetik' izeneko diskoa, instrumentala da, eta bertako musika tresna batek hartu du protagonismo berezia: «Txistua da abiapuntua, eta saiatu gara erritmo eta armonia berrietara egokitzen, eta emaitza benetan kuriosoa da», azaldu zuten joan den ostegunean, diskoaren aurkezpenean.

Aldiz, bigarren zatian, 'Plazara' izeneko diskoan, ahotsa ere sartu dute, taldearen ibilbidean aurrenekoz. Eta disko horretan hartu dute parte, hain juxtu, zazpi abeslari kolaboratzaileek. 'La estaca' abesti herrikoi kataluniar ezaguna abestu du Xabi Solano ereñotzuarrak, «bertsio indartsua» eginda; eta 'Lili eder bat' bolero lasaia «goxo-goxo» kantatu du Bitartean taldeko Ixiar Jauregi hernaniarrak.

 

Nahia Valle hernaniarra, taldeko abeslari berria

Zazpi kolaboratzaileren ahotsekin osatu dute diskoa, taldeak ez duelako abeslari propiorik izan orain arte. Baina aurrerantzean eskainiko dituzten emanaldietarako, behar zuten abeslaria, kantu horiek interpretatzeko; eta horixe izan zen diskoaren aurkezpen ekitaldiko azkeneko sorpresa: Nahia Valle hernaniarra izango da Aldapeko basque latin jazz taldeko abeslaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!