Sahatsa Jauregiren 'Azpitik doaz' obra Tabakaleran ikusgai, antzezpen saioekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 26a, 00:00

Antzezlana eskainiko dute Sahatsa Jauregiren 'Azpitik doaz' obraren bueltan.

Beste sei artistarekin batera, 'Larruak eta izurrak' erakusketa jarri du hernaniarrak. Bi eszenifikazio izango dira bere obraren bueltan.

Santiago de Chile hirian izan dira ikusgai, bi hilabetez, Sahatsa Jauregi artista hernaniarraren lanak: 'Vestíbulo' erakusketa jarri du Sagrada Mercancía galerian, abenduaren 15etik otsailaren 16ra. Eta handik bueltan, Donostiako Tabakalerara eraman du bere obretako bat Jauregik, 'Azpitik doaz' izeneko egitura. 'Larruak eta izurrak' erakusketaren baitan jarri du ikusgai bertan, beste sei artistaren lanekin batera: Nora Aurrekoetxea, June Crespo, Yael Davids, Iman Issa, Kimia Kamvari eta Lúcia Koch. Asteartetik igandera bisitatu daiteke, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Ekainaren 2ra arte izango da erakusketa bertan, eta horren bueltan, beste hainbat ekintza prestatu dituzte. Batetik, bisita solasaldiak egingo dituzte erakusketan, sei egunez: martxoak 6 eta 20, apirilak 10 eta 24, eta maiatzak 8 eta 22, 18:00etan gazteleraz eta 19:00etan euskeraz. Doakoak izango dira, baina sarrera eskuratu behar da, tabakalera.eus webgunean. Bestetik, topaketak, hitzaldiak eta ikastaroak ere egingo dituzte.

Eta azkenik, performanceak izango dira erakusketan. Horietako bat da, hain juxtu, Sahatsa Jauregiren obraren inguruan egingo dutena. Joan den ostiralean eskaini zuten aurrenekoz, erakusketaren inaugurazio ekitaldian; eta beste bitan egingo dute obraren 'aktibazioa': maiatzaren 3an, 18:00etan; eta maiatzaren 31n, 19:00etan. Sarrera li­brea izango da.

«Beste gorputz batzuekin izandako esperientzien emaitza» da Sahatsa Jauregiren 'Azpitik doaz' obra; zehazki, TRIPAK konpainia osatzen duten Andrea Berbois, Mai­te Mugerza, Marina Suárez eta Natalia Suárezekin izandakoa. Metalean zehar begirada bat proposatzen du hernaniarrak, eta erreminten, berunaren, entitate protesikoen, armen eta gerren irudiak sorrarazten dituen eskultura-sistema makinizatua osatu du, antzezlan baten irudi gisa ere balio duena. Antzezlan horixe da maiatzaren 3an eta 31n eskainiko dutena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!