Aurreko lanak ondo beteta, lider iritsiko dira trikoloreak bi jardunaldi erabakigarrietara

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 25a, 00:00
Jose Luciano Abecia, La Unicako kontrario bati plakaje bikaina egiten, atzo.

Hernanik 61-7 menderatu zuen La Unica, eta datozen bi partiduetan jokatuko du txapeldun izateko aukera, Gaztediren eta Oviedoren kontra.

Egoera ezinhobean eta sasoi puntu ona lagun duela iritsiko da Hernani bi partidu erabakigarrietara, Ohorezko B Mailan, bigarren faseko A multzoko txapeldun izateko. Trikoloreek 61-7 menderatu zuten La Unica atzo arratsaldean, Landaren, erasoko bonusa ere eskuratuta.

Hori horrela, aurreko lanak ondo beteta, lidertza defendatuko du Hernanik datozen bi jardunaldietan, bi kontrario arriskutsuren aurrean: Gaztediren kontra datorren larunbatean, eta Real Oviedoren kontra hurrengoan, biak ere Landaren. Hernanik 51 puntu dauzka une honetan, eta Gernika bigarrenak 46 puntu, atzo Gijonen irabazi ondoren (0-57).

Hasieratik izan zen nagusi Hernani, La Unicaren kontrakoan. Jokoa nafarren zelaian burutu zuten partiduaren zatirik haundienean, eta jokaldien momentu klabeetan baloia ondo mugitzen asmatu zuten trikoloreek. 20 minutu betetzerako, 19-0 aurreratu zen Hernani, Jon Ander Zapiainen, Jokin Olearen eta Unax Zuriarrainen entsaio banarekin. 37garren minutuan lortu zuen La Unicak bere entsaio bakarra, baina Jokin Garciaren beste entsaio batekin erantzun zuten trikoloreek, atsedenaldiaren aurretik (26-7).

Bigarren zatian are nabarmenagoa izan zen hernaniarren nagusitasuna, eta beste bost entsaio lortu zituzten, jokalari ezberdinekin: Xabier Lukas, Aiheko Miner, Jokin Olea, Alfonso Infante eta Iker Carbajo. Nabarmentzekoa da, gainera, bederatzi entsaioetatik zortzitan lortu zuela konbertsioa Jokin Oleak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!