Osasun sistema hobeto ulertzeko hitzaldia bihar, etorri berrientzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 25a, 00:00

Amherrek antolatuta, osasun arloko bolondresek eskainiko dute, 18:00etan Plaza Feministan.

Hitzaldi-solasaldia antolatu du Amher elkarteak, bihar arratsalderako, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemaren funtzionamenduari buruz. Osasun arloko bolondresek eskainiko dute, eta helburua da osasun sistema hobeto ulertzeko tresnak eta ezagutza eskaintzea.

Arratsaldeko 18:00etan izango da saioa, Kulturarteko Plaza Feministan; eta bereziki prestatuta dago Hernanira duela gutxi etorri diren bizilagunentzat. Osasun sistemaren funtzionamendua azalduko diete, eta izan ditzaketen zalantzak argituko dizkiete. Horrela, saioan landuko diren gaietako batzuk dira honakoak: lehen mailako arreta, larrialdi zerbitzuak, ospitalea eta ospitalizazioa, pediatria, ordainketak eta ingresoak, minbizia detektatzeko programak...

Amherrek bertaratzeko gonbitea luzatu die interesa duten herritar guztiei, eta era berean, eskaera luzatu du, interesa izan dezakeen norbait ezagutuz gero, saioaren berri emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!