Finala bigarren erdian hautsita, Imanol Ansak jantzi du txapela

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 25a, 00:00
Xabier Azpiroz eta Imanol Ansa, sariak jasota. Argazkia: Maialen Andres

Urnietarrak 30-19 menderatu zuen Xabier Azpiroz atzo, partiduaren aurreneko zatian sufritu arren.

Pronostikoak bete, eta Buruz Buruko Masterreko txapela jantzi zuen Imanol Ansa urnietarrak atzo, Galarretan, finalaren zati bakoitzean egin beharrekoak bikain egin zituelako: aurrenekoan eutsi, eta bigarrenean hautsi. 30-19 menderatu zuen Xabier Azpiroz uitziarra, markagailuak erakusten duena baino dezente gehiago izerdituta.

Izan ere, Azpirozek ekin zion hobeto finalari, eta berak hartu zuen aurrea hasieran (0-3). Lehenengo tantoetan, pelota «gurutzatu ezinik» eta «gozatu gabe» aritu zen Ansa, finalaren ondoren aitortu zuen bezala: «Banekien Azpiroz mugitu beharra neukala, baina ez nuen asmatzen, eta defendatzea tokatu zait». Edonola ere, partiduari eusten jakin zuen, sufritzea zegokionean sufritzen, eta oso berdindua izan zen finalaren lehenengo zatia; are gehiago, pare-parean izan ziren biak markagailuan, ia 10 bat aldiz.

Bere joko onena erakutsiz, hiru tantoren aldea lortu zuen uitziarrak aurrena (11-14), eta lau tantoren errenta maximoa ondoren (12-16). Baina kasu batean zein bestean, falta egin zuen hurrengo sakean, eta bigarrenak partidutik atera zuen pixka bat. Eta finaletan, kontzentrazio hutsune txikiena larrutik ordaintzen da. Horixe baliatu zuen Ansak markagailuan aurrea hartzeko (17-16), eta pixkanaka zuloa egiteko (25-18). Orduan egin zuen bere akats apurretako bat urnietarrak (25-19), baina sakea berreskuratuta ere, ez zuen markagailuan gerturatzerik izan Azpirozek: 30erako bidea egin zuen urnietarrak zuzenean, tanto ederrak tarteko (30-19).

«Bigarren zatian, sakearekin berak baino min haundiagoa egin dut, eta nekea nabaritzen hasi garenean ere hobeto eutsi diot. Gainera, sakez egindako falta horrek partidutik atera du Azpiroz, eta buruz burukoan oso konstantea izan behar da. Momentu batez kontzentrazioa galduz gero, oso zaila da horri buelta ematen».

Azkenean, 24 tanto eginda eta bi galduta bukatu zuen finala urnietarrak, tartean sakez egindako zortzi tanto. Azpirozek 17 tango egin zituen (sakez bi), eta sei galdu. Hirugarren txapela du Imanol Ansak buruz buru, joan den urteko Masterra eta Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!