«Estereotipoak deuseztatzeko aukera berriak ematen dizkigu Lilatoiak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
Sandra Cuervo (ezkerrean) eta Paki Perea (atzean, eskuinean), taldeko entrenamendu saio batean.

Amherreko emakume etorkinen taldeak erronka berri bat du: Lilatoia. Bertako ekimenetan parte hartzeko eta aldarrikapenak egiteko gogoz daude taldekideak, eta beste urrats bat emango dute hurrengo igandean. Orain arte egindako bidea ezagutzeko, Sandra Cuervo eta Paki Perea taldekideekin hitz egin du Kronikak.

Hamaika istorio berezi biltzen ditu Lilatoiak. Gordetako errealitateak bistaratzeko funtzioa betetzen du askotan, eta aldarrikapenez josten dira ibilbidearen 5 kilometroak. Lasterketa eguna ez ezik, aurreko asteak ere garrantzitsuak izaten dira, entrenamenduak egin eta guztia ondo prestatzeko, besteak beste. Hernanin bada talde berezi bat, Amher elkarteko emakume etorkinek osatutakoa, martxoaren 3rako prestaketa lanetan ari dena. 

Talde horretako kideak dira Sandra Cuervo eta Paki Perea, eta taldekide guztien izenean azaldu dute erronka berriaren zergatia. «Lilatoia taldean egingo dugu, emakume etorkinek osatutako talde modura, jendeak ikus dezan gu ere bertan gaudela eta guk ere parte hartzen dugula», azaldu dute. Hausnarketa sakonaren ondoren hartutako erabakia izan da Lilatoian parte hartzearena, eta pozik daude egiten ari diren bidearekin. 

Taldea, gehienbat, emakume etorkinek osatzen dute, baina badira bertako pertsonak ere. Cuervo Kolonbiatik etorri zen Hernanira orain dela 14 urte; Perea, aldiz, euskal herritarra da sortzez, Araiakoa. «Bertako emakume batentzat zaila bada gimnasiora joatea edo entrenatzeko denbora izatea, emakume etorkin batentzat zailagoa da. Gizonentzat erraza izaten da kirol eremuetara egokitzea, baina emakumeok zailtasunak izaten ditugu, are gehiago Hego Amerikatik edo Maroko ingurutik gatozen emakumeok. Herrialde horietan kirol eremuetara iristea ez da erraza izaten, horregatik da sekulakoa Hernaniko atletismo pistara joate hutsa», azaldu du Cuervok. 

Asteko egun gehienetan elkartzen dira Hernaniko atletismo pistan, eta Janire Cortes hernaniarraren laguntza izan dute prestaketa lanak egiteko: «Bere lana ezinbestekoa izan da, asko lagundu gaitu. Etxean egiteko ariketak ere jarri dizkigu», diote. Taldekide gehienek ez dute esperientziarik kirol jardueretan, eta ongi gogoratzen dute lehenengo aldiz korrika egitera atera ziren eguna: «Sekulako ahalduntze momentua izan zela esango nuke. Gogoratzen naiz pentsatu nuela, 'eremu hau nirea ere bada, eta gaitasuna daukat erabiltzeko'», dio Cuervok.  

Euretako batzuen seme-alaben aurrean estreinakoz kirola egitearen sentsazioa ere nabarmendu du Pereak: «Gauza berezitzat daukate euren amak egiten ari direna. Are, taldearekin batera parte hartzeko gogoa dute. Nahi dutelako egiten duten jarduera bat da, inork behartu gabeko ariketa, eta haurrak ere inplikatu dira». Cuervok ere badaki jarduera honek haurrei eragiten dien ilusioa oso haundia dela: «Nabaritzen dute esfortzu bat egiten ari garela, eta ohikotasunetik kanpo dagoela». 

Orain arte egindako bidearekin oso pozik daude taldeko partaide guztiak, eta irrikitan daude martxoaren 3a iristeko. «Esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da arrazoi askorengatik; ezohiko jarduera bat egiteko elkartzen ari gara, espazio publiko eder batean, eta gure jatorrizko herrialdeetan sekula probatu ez dugun jarduera bat egiten. Estereotipoak eta aurreiritziak deuseztatzea da gure nahia, eta aukera berriak eskaintzen dizkigu Lilatoiak», azaldu du Cuervok. 

Hausnarketatik ekintzara

«Ez gara soilik lanera etorri garen emakumeak, ez gara soilik zaintza lanak egitera etorri garen emakumeak, hori baino askoz ere gehiago gara. Jakintza ugari daukagu Hernaniko jendarteari eskaintzeko». Horixe da taldetik nabarmendu nahi duten ideia. Horri tiraka, Amherren egitasmoetan parte hartzen hasi zen unean gehien harritu zuena gogoratu du Pereak: «Atentzioa ematen zidan nola ez zuten euren tokia exijitzen, haiek ere herritarrak direlako. Ez dira norbaiten ama edo aita zaintzen ari diren pertsonak bakarrik. Ez, emakume hernaniarrak dira, beste edozein bezain garrantzitsuak, eta horri duen balioa ematea asko kostatzen da oraindik». 

Hain justu, aurreiritzi eta estereotipo horiei aurre egiteko sortu zuten Amherreko emakume etorkinen taldea, duela 12 urte inguru. Ikuspegi feministatik garatzen dituzte lanketa guztiak, eta jarduera ugari egiten dituzte urtean zehar. Esaterako, asteazkenero kafe baten bueltan hitz egiteko elkartzen dira Kiden, eta ohikoak izaten dira eskubide sozial eta politikoei buruzko bilerak. «Emakume etorkinok gizarte honetan daukagun tokia aitortzeko egiten ditugu jarduera guztiak», dio Cuervok. 

Taldearen sorrera emakume etorkinen artean antolatzeko beharretik iritsi zen, eta prozesu horretan erreferente bat nabarmentzen dute bi kideek: Lucia. «Oso oso garrantzitsua izan da taldearentzat. Hura mugitu zen gehien taldearen sorreran, eta ezinbestekoa izan da aurrera egiteko. Taldearen itsasargia izan da denbora guzti honetan».

12 urteko ibilbidean antolatu dituzten jarduera guztiek izan dute bi alderdiak, etorkinak eta bertako jendartea, kontzientziatzeko helburua: «Etorkin guztiok ez gaude zaku berean; denok ez gara berdinak, ez dugu berdin pentsatzen... Horregatik da beharrezkoa emakume etorkinekin lanketa egitea, gizarte honen parte izan daitezen». Iazko San Joan jaietan, esaterako, lehenengo aldiz parte hartu zuten gehienek; «ikusle» izatetik «festaren parte» izatera pasa ziren: «Oso jarduera potentea izan zen, eta kuadrilla modura hartu genuen parte. Ordura arte ez ginen sekula parte izan, ikusleak ginen, baina konturatu ginen garrantzitsua dela, bertako kulturaren eta izaeraren zati garrantzitsua direlako festak», gehitu du Cuervok. 

Iaz lehenengo aldiz parte hartu zuten taldekideek Hernaniko San Joan jaietan. Argazkia: Karlos Corbella.
 
 

Asteazkenetako kafearen kontua ere espazio publikoetan parte hartzeko beharretik sortu zuten, eta Lilatoiean parte hartzearekin alderatzen du Cuervok: «Kanpoko pertsonek bertako espazio publikoak hartzea oso garrantzitsua da. Elementu kultural ugari daude horrelako guneen atzean. Bertakoentzat ohikoak diren gauzak guretzat ez dira ohikoak; ardo kopa bat eskatzea, esaterako. Txorakeria dirudi, baina Hego Amerikatik gatozenentzat ez da hain erraza».

Bertakoekin harremantzeko zailtasunak

Amherreko emakume etorkinen taldeko kideentzat ez da erraza izan bertako pertsonekin harremantzea. Perea da une honetan bertakoa den taldeko kide bakarretakoa, eta gordintasunez azaltzen du duela gutxira arte nekez harremantzen zela emakume etorkinekin: «Bizilagunak ekimenean parte hartzen hasi nintzenean ezagutu nuen benetan migrazioa. Hortxe konturatu nintzen ez direla prentsako orrialdeak, pertsonak direla. Gogorra da esatea, baina ni lehen ez nintzen kontziente pertsona hauek gure gizartearen parte zirela».  

Cuervok ere gertutik bizi izan du harremantzeko zailtasuna, eta horixe izan da orain dela gutxi arte herriko egitasmoetan ez parte hartzeko arrazoietako bat: «Erlazioak sortzea ez da batere erraza izaten. Kristal ikusezin batzuk daude gure artean, elkarren arteko zubiak mugatzen dituztenak».

Egoera horren aurrean, euren herrialdeetako jendea elkartzen den guneetan gotortu izan dira etorkinak; lokutorioetan, esaterako. «Lokutorioak pertsona etorkinen elkargune bihurtzen dira askotan. Horrek bi alde ditu, batetik babesa senti dezakezu bertan, baina, bestetik, bertako bizitzatik eta gizartetik aldentzen zaitu», dio Cuervok. Pereak ere segituan nabaritu zuen hori: «Konturatu nintzen taldeko kideek ez zekitela Hernaniko kale bat kokatzen, eta lokutorioak zirela haien erreferentzia».

Korrika hautsiko dute beste muga bat

Hausnarketa guzti hauen ondorioa da Lilatoian apuntatzea. Bertako jarduera batean hartuko dute parte, taldean, eta aldarrikapenak egiteko asmoarekin. Cuervorentzat lehenengo aldia izango da, eta «ez daki zer imajinatu». Pereak, aldiz, esperientziatik ematen du iritzia: «Oso hunkigarria izango da. Kale bazterrean dagoen jendeak hegan eramaten zaitu, eta sekulako giroa sortzen da».

Beste mugarri bat ezarriko du taldeak, baina ibilbidea ez da bertan amaituko, etorkizunera begira jarduera eta egitasmo asko gauzatzeko gogoz baitaude: «Maitelan kooperatiban lanean jarraitzen dugu, martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartuko dugu, Korrikan ere ateratzeko asmoa daukagu...», azaldu dute.

Hortaz, martxoaren 3an Donostiako kaleetan barrena ibiliko dira Amherreko emakume etorkinen taldeko kideak. Pausoz pauso, bide ederra osatzen ari dira elkarrekin, eta «ilusioz gainezka» daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!