Elkarri begira geunden. Ez nuen interpretatzen jakin; nik beldurtzen nuen bera ala berak nik. Bat-batean, irrintzi baten ostean, trostan irten zen. Beldurren norgehiagokan irabazle nintzen, edo hori uste nuen.
Usteak erdia ustel. Zeinen azkar ateratzen ditugun besteen erreakzioen inguruko hipotesiak. Besteei buruz ditugun datu gutxiak pilatu eta pilatu ibiltzen gara, nolakoak diren deszifratu nahian. Fidagarriak diren jakin nahian. Gu geu ere fidagarriak al gara?
Zaldi mesfidatien begirada izaten dute batzuetan gure aholkularitza juridikoetara hurbiltzen diren emakumeak. Edo hala interpretatzen dut nik. Ziurtasun osoz ezin jakin. Neronek ere, zaldi ikaratuen begirada izango dut ziurrenik beraiek parez-pare izatean. Zenbat aldiz galdetu ote diodan neuri buruari, nigandik espero zutena jaso al duten. Zenbat aldiz galdetu ote dioten beraiek euren buruei, egiten ari direna egokia den.
Elkarri begira geunden, baina honakoa ez zihoan batak bestea beldurtzeari buruz; harreman horizontala sortzeari buruz baizik. Norberak bere kezkak, norberak bere beldurrak. Elkarrekiko aurreiritziak deseraiki eta zerbait eraldatzailea sortu. Beste nonbaitetik abiatzen den abokatutza bat dugu helburu, edo behintzat, hala izan dadin saiatuko gara.
Leire Goikoetxea Perez
Irule Abokatuak – Zerbitzu juridiko eta psikosoziala ikuspuntu feministatik
Hernaniko Elkarlan Sorgunea
Iturola.eus
Florida Auzoa,28 - 20120 Hernani
Talleres Mitxelenak babestutako atala
Eziago Poligonoa, 21
Zikuñaga Auzoa, Hernani
www.talleresmitxelena.eus