June Ruiz hernaniarra, Europako kadete txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
June Ruiz tiratzailea Napolin izango da, Europako Esgrima txapelketan.

Otsailaren 21ean hasi zen Europako Esgrima txapelketa eta etzi amaituko da. 

Gipuzkoako eta Euskal Herriko esgrimen historian estreinakoz, bi tiratzaile gipuzkoar, tartean June Ruiz hernaniarra, Europako Esgrima Txapelketan ari dira parte hartzen. Otsailaren 21ean eman zitzaion hasiera txapelketari, eta 26ra arte jokatuko da Napolin. Fortuna Kirol Elkarteko tiratzaileak dira biak, aurrez aipatu moduan, June Ruiz hernaniarra da bat, eta bestea, berriz, Markel Armat. 

RFEEko kategoria eta arma bakoitzeko estatuko barne rankingeko lehenengo lau tiratzaileek bakarrik hartu dezakete parte Europako txapelketa honetan eta bi gipuzkoar izan dira bertan parte hartzera deituak, Estatuko eta nazioarteko probetan lortutako emaitza onak direla eta.

June Ruiz tiratzaile hernaniarrak sekulako ibilbidea egin du orain arte, eta lortutako emaitzek ederki islatzen dute; iaz, Espainiako M15 kategorian txapelduna izan zen; taldekako Espainiako M15 kategorian, berriz,  txapeldunordea, eta kadeteen banakako txapelketan brontzea ere irabazi zuen. 2023 eta 2024ko denboraldiko estatuko kadete mailako rankingean, hirugarren postuan dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!