Gaur arratsaldean jokatuko dute Galarretan Masters Txapelketako final haundia. Ansa II.a eta Azpiroz arituko dira aurrez aurre, eta urnietarra faboritoa den arren, partidu berdindua izango dela aurreikusten dute zaleek.
Nagusitasunez lortu du Ansa II.ak finalerako txartela. Ligaxkan hasi zuen Masters Txapelketako ibilbidea, eta ez du gupidarik izan; lehenengo partiduan 30-22 irabazi zuen Juanenearen aurka, eta bigarrenean 30-23 gailendu zen Azpirozen kontra.
Uitzikoak lan gehixeago egin behar izan du gaurko egunera bizirik iristeko. Kanporaketako partidua irabazi behar izan zuen lehenik, Barrenetxea IV kanpoan utzita. Ondoren, ez zuen ligaxka nahi bezala hasi, punturik pilatu gabe utzi baitzuen Ansak, baina Azpirozek ez zuen behera egin. Juanenearen kontrako partidu erabakigarrian garaipena lortu zuen, 30-27, eta horrela lortu zuen gaurko finala jokatzeko aukera.
Sasoi onenean dauden bi erremontariak dira, eta giro ederra izango da Galarretan. Jaialdia arratsaldeko 15:15etan hasiko da, eta bigarren partidua izango da finala.
Partidu ederrak, aurretik eta ondoren
Finalaz gain, goi mailako bi norgehiagoka jokatuko dituzte gaur Galarretan. Jaialdia Segurola-Barrenetxea IV/Ezkurra II-Larrañaga partiduarekin hasiko da; hirugarren partidua, berriz, Goikoetxea V-Juanenea eta Aldabe-Zaldua bikoteen artean jokatuko dute.