Bizipozez bete zen Hernaniko Milagrosa, Porrotxen eta Zapotxinen bisitarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
Porrotx eta Zapotxin Milagrosan, herriko haurrei Bizipoza elkartearen xehetasunak azaltzen modu umoretsuan.

Bizipoza elkarteak, apirilaren 27rako, Bizipoza jaialdia antolatu du Hernanin; eta horrez gain, datorren asteazkenerako, Bizipoza eskolaren aurkezpen ekitaldia ere antolatu du, Donostiako San Telmo museoan, arratsaldeko 18:00etan hasita.  Etxeko txikiek Bizipozaren nondik norakoen berri jakin zezaten, Porrotxek eta Zapotxinek zenbait geldialdi egin zituzten, Hernaniko Milagrosan.

Aste honetan zehar, Porrotx eta Zapotxin sudur gorrien bisita izan dute hernaniarrek. Hernaniko ikastola guztietako ikasleek izan zuten parada Milagrosara bertaratu eta pailazoekin tarte goxoa izateko. 

Ez zuten nolanahiko emanaldia eskaini sudur gorriek, izan ere, 'Bizipoza' elkartearen inguruan jardun zuten. Zapotxinek azaldu zuen irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmo bat dela: «izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten baloreak jasoaz aberastu, hezi eta gizarteratzea».

Zapotxinek amaituta, Porrotxek hartu zuen hitza eta elkartearen misioei buruzko azalpenak eman zituen: «hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Elkarte guzti hauek transmititzen dituzten baloreak gizarteratzea da poztasunaren misioa».

Guzti hau irudikatzeko asmotan, kolore ezberdinetako zapiak sartu zituen Porrotxek zaku magikora, eta Hernaniko ikasleen putzarekin, ortzadarraren bandera sortu zuten. 

Elkartearen nondik norakoak azaltzeaz gain, ikasleei etxeko lanak jarri zizkieten Zapotxinek eta Porrotxek: Bakoitzarentzat bizipoza irudikatzen zuen marrazki bat sortu behar dute. Izan ere, Bizipoza Elkarteak, apirilaren 27rako, Bizipozaren jaia antolatu du Hernanin eta bertan, eskoletako umeen marrazkiak erakutsiko dituzte. 

 

Bizipoza eskolaren aurkezpen ekitaldia, Donostian

Abendu amaieran Bizipoza elkarteak, 'Bizipoza Eskola' egitasmoa jarri zuen martxan, eta ordutik proiektuak martxan dirau. Bertan, hezkuntza arautuan, ez-arautuan eta herrigintzan kulturaniztasuna, familia aniztasuna, gaixotasunak, heriotza eta aniztasun funtzionala erdigunera ekarri eta bizipozez lantzeko material sorta jasotzen da. Bizipoza elkartekoak azaldu dute, material sorta herritar ororentzat dagoela eskuragai; hala nola, gida didaktikoak, material osagarria eta egutegia.

Bizipoza Eskola sortu dute «behar bat» dagoelako. «Badaude haur eta familien eskubide batzuk bete gabe daudenak eta horren aurrean familiak edo norbanakoak elkartu egiten dira horri aurre egiteko. Guk gauza bera egin dugu. Gai ezberdinetan aritu eta adituak bildu ditugu eta gida hauek sortu ditugu elkarrekin, Bizipozaren baloreekin zipriztintzeko norbera eta bere ingurukoak» azaldu zuten Bizipoza Elkartekoek, proiektua aurkeztu zutenean.

Beraz, «balioak zabaltzen eta Euskal Herria zipriztintzen jarraitzeko», Bizipoza eskola proiektuaren aurkezpena antolatu dute datorren asteazkenerako. Donostiako San Telmo museoan egingo dute, arratsaldeko 18:00etan, eta gonbidatu bereziak izango dira bertan, tartean, Hernaniko Aratz Ikastola.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!