«Gure etorkizuna etorriko da gure produktua baloratzen den unean»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
Donostian elkartu ziren ehunka baserritar, egungo egoera ikustarazteko asmoz.

Henase Hernaniko nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkarteak baserritarren egungo egoerari buruz jardun du Kronikarekin: «Industria haundiak, produzitzen dituzte milaka litro edota produktu, prezio oso baxuetan. Hori guretzako zulo bat da».

Otsailaren 12a gorriz markatu zuten Gipuzkoako baserritarrek, izan ere, kalera atera ziren haien egoeraren larritasuna ikustarazteko asmoz. Otsaileko aurreneko astean hasi ziren mobilizatzen Europako zenbait herrialdeetan, eta mugimendua Espainiako autonomia erkidegotara hedatu zen, Gipuzkoara heldu arte. Hilaren 12an, beraz, Gipuzkoako hainbat nekazari eta abeltzain, tartean Urumea bailarakoak, Donostiara hurbildu ziren egoeraren gaineko protesta egin eta sektoreak bizi duen errealitatearen larritasuna aldarrikatzeko. Hori guztiaren berri eman digu Henasek, Hernaniko nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkarteak: «mobilizazioarekin nahi genuen ikustaraztea azken urteotan, baztertuak izan garela bai baserritarrak, bai nekazariak, bai eta abeltzainak. Protesta egin genuen, besteak beste, burokrazia maila altuagatik, sektorearen ezegonkortasunagatik eta baldintza duinen gabeziagatik».

 

Otsailaren 12an, Gipuzkoako baserritarrak kalera atera zineten. Hernaniko baserritarrek bat egin zuten. Zein izan zen aldarria? 

Ez zegoen aldarri bat, bakoitzak bere aldarria zuen. Azken urteetan gauza asko pilatu zaizkigu baserritarroi, eta Europar milan baserritarrak altxatzen ari zirela ikusi genuenean, olatuari jarraitu genion. Ez ginen talde bezala joan, baserritarrok bakarka egin genuen bat otsailaren 12ko mobilizazioarekin, bakoitzak bere aldarriekin. Izan ere, Euskal Herrian bereziki baserri bakoitza mundu bat da, eta asko gaude, bakoitzak bere modura egiten du lan; batzuk nekazaritzan, beste batzuk abeltzaintzan… Beraz, bakoitzak arazo partikularrak ditu, horregatik, ez zegoen aldarri nagusi bat. 

Hala ere, mobilizazioarekin, nahi genuen ikustaraztea azken urteotan, baztertuak izan garela bai baserritarrak, bai nekazariak, bai eta abeltzainak. Protesta egin genuen, besteak beste, burokrazia maila altuagatik, sektorearen ezegonkortasunagatik eta baldintza duinen gabeziagatik.

 

Nolakoa da egungo errealitatea baserrietan? Larria? 

Bai, ez da erraza. Egia da baserri bakoitza mundu bat dela, eta baserri batzuk ekonomikoki beste batzuk baino hobeto daudela. Hein haundi batean, gehienok enpresa familiarrak gara, orduan beti funtzionatu dugu etxeko laguntzarekin, baina behin hortik aterata, zailtasunak daude.

Orain kostuak igotzen hasi dira, eta prezioak era berdinean igotzen ez diren bitartean, lanean ari denaren soldata oso exkax gelditzen da egiten duen lan kopururako. Kostua igo egiten zaigu, eta prezioak ezin ditugu modu berean aplikatu; atzean gainera dauzkagu industria haundiak, produzitzen dituzte milaka litro edota produktu, prezio oso baxuetan. Hori guretzako zulo bat da. Gaude ezin egon horretan.

 

Zer eskatzen duzue? 

Eskatzen duguna da, administrazioen hitz polit gutxiago eta ekintza gehiago. Beti esaten da baserritarrei lagunduko zaiela, baina errealitatean ez da horrela izaten. 

Hala ere, esan beharra dugu, Hernaniko Udalaren aldetik adibidez, Henase sortu dugun unetik laguntza asko jaso dugu. Hori eskertzekoa da.

Beste puntaraino joanez, gizarteak onartuta dauka baserriak baduela lana, eta bertakoa kontsumitzearen alde borrokatu behar dela, baina errealitatean ez da horrela. Gizarteak egunerokoan dauzka kontsumo ohiturak, eta ez dira gure aldekoak. 

Behar dugu gizartea jabetzea egunerokoan lagundu dezakeela, ohitura txikiak aldatuz.

 

Baserritar gazteen etorkizuna, iluna. 

Bai, hala da. Hala ere, posible da, baina laguntza haundiarekin. Gaur egun dagoen egoerarekin, hutsetik hastea oso-oso zaila da; izan ere, oso lur sail gutxi daude, daudenak espekulaziotik tirata daude… Alde horretatik gazteek lurrak bilatzea oso zaila da. 

Baina sartzen den gazte horrek laguntza badu, aukerak baditu. Eta esango genuke oso garrantzitsua dela gertuko sarea sortzea, hor sortzen dira gertuko salmentak, kalitatezkoak… 

Gazteek zaila daukate baserrigintzan sartzea irakurketa zabal eta orokor batetik. Baina laguntzarekin, posible da aurrera egitea.

 

Kontzientziak astindu nahi dituzte. Baserritarrek behar duten balioa ematea eskatzen duzue.

Gizartean, azken urteetan baserriak hartu du nolabaiteko ikuspuntu negatiboa, bai prentsan eta bai kalean; kontaminatzen dugula, animaliekin dugun tratua… 

Orduan, ikuspuntu hori aldatu nahiko genuke. Izan ere, baserriak desagertzen diren egunean, gure paisaiak ezagutzen ditugun moduan desagertu egingo dira. Paseatzen ari garen bitartean, inguruan dauzkagu belaze ederrak; hor atzean baserritarraren lana dago, eta hori balioan jarri behar da. Hori ulertu behar du gizarteak, baserriko produktu bat erostean ez duela produktua bakarrik erosten, erosten duela atzetik dagoen lan guzti hori. Iruditzen zaigu baserritarrok gizarteari asko aportatzen diogula, eta baita kultura aldetik ere.

 

Hemendik aurrera zer? 

Ez da erraza izango, gauzak ez dira aldatzen egunetik gauera. Behar duguna da bultzada bat. Jendeak ikustea bertako produktuaren garrantzia. Gure etorkizuna produktuaren salmentan dago eta, beraz, hori mantendu nahi dugu, prezio duinak eskuratuz. 

Denda haundietan erosten duen gizarteak ulertu behar du bertako produktuek ez daukatela baserriko balorea. Baserriko produktuak guztiz kalitatekoak dira. Beraz, gure etorkizuna etorriko da, gure produktua baloratuko den momentuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!