Posta zigilu berezia, Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 22a, 00:00
Fundazioko eta Correoseko ordezkariak, aurreneko zigilu-marka jartzen.

Elkarlanean egin dute Correosek eta Chillida Lekuk, eta asteartean aurkeztu zuten.

Elementu berezi bat gehitu zioten asteartean, Chillida Leku museoan, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunari. Izan ere, posta zigilu berezi bat egin dute Correosek eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak elkarlanean, eskultore donostiarrari eskainitakoa. Herenegun aurkeztu zuten, Zabalaga baserrian, eta bertan jarri zioten aurreneko zigilu-marka ere.

Eduardo Chillida bera ageri da zigiluan, 1963an egindako 'Relieve' obrarekin batera. 116.000 zigilu egin dituzte guztira, formatu bertikalekoak (4,09 x 5,76 zentimetro), eta 2,10 euroko prezioa izango dute.

«Oso zoriontsu gaude, ilusio haundia egin digu Correosekin elkarlanean zigilu hau sortzeak. Prozesua bera oso aberasgarria izan da», nabarmendu zuen Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak. Luis Chillidak, fundazioaren lehendakariak, es­­kerrak eman nahi zizkion Corre­osi: «Ai­ta oso umila zen, ez zuen uste ezer berezirik egiten zuenik berari gustatzen zitzaion hori baino. Eta esker onekoa zen sari bat jasotzen zuen bakoitzean. Bada, zigilu hau oso sari polita da, luzaroan iraungo duena».

Azkenik, Leire Díezek hartu zuen hitza, Correoseko Filateliako zuzendariak: «Artistaren bizitza osoa eta utzi zigun legatua saritu nahi du zigilu honek.Pertsona gutxik merezi dute omenaldi hau berak adina».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!