9 irteera eta bidai antolatu ditu Goiz Eguzkik 2024rako, Bulgariara zortzi eguneko bidaia tartean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 22a, 00:00
Bulgariara bidaia egingo dute irailean.

Izenematea zabalik dago irailean Bulgariara joateko, eta baita martxoaren 13an Miarritzera eta Donibane Lohizunera irteera egiteko ere.

Urte osorako plangintza egin du Goiz Eguzkik, eta bederatzi irteera eta bidai antolatu ditu 2024rako. Horien artean nabarmenena da Bulgariara egingo duten bidaia: irailaren 10etik 17ra joango dira bertara. Horretarako, dagoeneko zabalik dago izenematea, martxoaren 6ra arte. 1.270 euro izango dira pertsona bakoitzeko, eta banakako logela nahi izanez gero, 190 euroko gehigarria izango du. Plaza kopurua mugatua izango da, eta pertsona gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo dute martxoaren 7an, arratsaldeko 17:00etan.

Zabalik dago izenemate epea, martxoan egingo duten irteera baterako ere: hilaren 13an, egunpasa joango dira Miarritzera, Donibane Lohizunera eta Hondarribiara. Martxoaren 1era arte eman daiteke izena, 43 euroan; eta kasu horretan ere, dauden plazak baino jende gehiago apuntatuz gero, zozketa bidez erabakiko dute. Martxoaren 4an izango litzateke zozketa, eguerdiko 12:00etan.

Gainerakoan, planteatu dituzte egun bateko irteerak eta egun batzuetako bidaiak Penintsulan barrena. Apirilaren 22tik maiatzaren 2ra, Santiago Bidea egingo dute, joan den urtean bezala. Apirilaren 16an Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe ezagutuko dituzte, eta uztailaren 10ean Karrantza bailara. Maiatzeko bi­­garren hamabostaldian Extre­madurara bidaia egingo dute. Eta beste hiru egunpasa ere aurreikusi dituzte: ekainaren 17an Baionara eta Ezpeletara; urriaren 22an Biasterira eta bodega batera; eta azaroaren 5ean Iruñeara eta Xabierko gaztelura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!