Xabi San Sebastianek 'Betazalak' lana aurkeztuko du etzi Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 21a, 00:00
Bere lan berriena aurkeztuko du Xabi San Sebastianek.

Iluntzeko 19:30etan izango da kontzertua, eta bere bosgarren diskoa oholtzaratuko du donostiarrak.

Kontzertua eskainiko du ostiral iluntzean, Biteri kultur etxean, Xabi San Sebastian musikari eta abeslari donostiarrak. Bere lan berriena aurkeztuko du bertan, 'Betazalak' izenekoa, orain arte kaleratu duen bosgarren diskoa. 19:30etan hasiko da emanaldia, eta ohiko bost laguneko taldea igoko da oholtzara: San Sebastianek jarriko ditu ahotsa eta gitarren doinuak, Karlos Arancegui ariko da baterian, Nando Neira kontrabaxuan eta baxuan, Satxa Soriazu teklatuetan, eta Gari Otamendi biolinarekin eta biolarekin. Gainera, bi gonbidatu berezi ere izango dira kontzertuan: Juanjo Otxandorena eta Nahia Valle. Kontzerturako sarrerak eskuragarri daude Biterin bertan, edota kultura.hernani.eus atarian, 8 euroan.

«Tantaz tanta destilatutako hamar kantu berri» dira 'Betazalak' diskoak jasotzen dituenak. Folk kantautoreen ildoa jarraituz, «soinu akustiko finez jantzitako letra poetiko-politikoak» landu dituzte Xabi San Sebastianek berak, Harkaitz Canok, Beñat Gaztelumendik eta Iñigo Astizek.

Honela deskribatu du San Sebastianen lana, Harkaitz Canok: «Tradizioarekiko leial eta estridentziarik gabe dator oraingoan ere Xabi. Koxka bat estutuz, hori bai, hari-konponketa finen ñabardurak lagun, ardatz akustikoari uko egin gabe eta 'americana' kutsuko gitarrei ere leku eginez, inoiz baino ausartago eta jostalariago, omenalditik salaketara doan bidea bere ahots beti sinesgarri eta biribilarekin hauspotuz, tarteka hanka puntetan eta liriko, tarteka garratz; noiz plazagizon koblakari, noiz xamur eta barnerakoi». 

Diskoaren hainbat abestiri ere egin die erreferentzia idazleak: «Kantu postpandemikotzat jo daitekeen batekin zabaltzen da diskoa, eta itxaropenari deituz amaitzen. 'Lerro etenak', autoan edonork entzun nahiko lukeen doinu aparta da. Umore gaiztoa eta esan-indar haundiko kantaera ironikoa darabiltza San Sebastianek 'Gure zerriak' abestian. 'Konpai' hirutrukutarrak, berriz, dena eman ondoren zerbait geratzen ote den galdetzen digu... Ezagun du kantariak ere, dena eman duela. Kantu bakoitza puntada bat, orain desjositako gizarte bati, gero norbere mundu intimoari berari».

 

Kerobiaren kontzerturako sarrerak ere, salgai

Bi hilabete barru, apirilaren 19an, Kerobia taldea izango da Biteriko oholtzara igoko dena. 'Gora bizitza' bere azken lana aurkeztuko du taldeak, gaueko 22:00etan hasita; eta zutik entzuteko kontzertua izango da. Horretarako sarrerak ere salgai daude dagoeneko, atzotik: Biterin eta kultura.hernani.eus webgunean, 8 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!