Dirulaguntzak, aisialdiko begirale edo zuzendari titulua euskeraz lortzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00

3.000 euroko diru partida jaso du Hernaniko Udalak horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko gazte hernaniarrei zuzenduta.

Aurten ere emango die dirulaguntza Hernaniko Udalak, haur eta gazteen aisialdiko hezkuntza jardueretarako begirale edo zuzendari titulua eskuratzeko ikastaroak euskeraz egiten dituztenei. Aurreko astean argitaratu zuen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta 2024 urtearen bukaerara arte izango da dirulaguntza eskatzeko epea.

3.000 euroko partida jaso du Hernaniko Udalak horretarako, eta 18 eta 30 urte bitarteko gazte hernaniarrei dago zuzenduta. Interesa dutenek, Udalaren webgunean eskuratu dezakete informazio guztia (hernani.eus/dirulaguntzak), eta baita udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) ere.

Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, ikastaroa osatua beharko dute eskatzaileek, eta 2024an bukatua. Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, gehienezko kopuruak zehaztu dituzte, eskatzaile bakoitzarentzat. Begirale titulua lortzeko ikastaroen kasuan, ikastaroaren kostuaren %50 lagunduko dute diruz, gehienez ere 200 euro. Zuzendari titulua lortzeko ikastaroei dagokienean ere, 200 eurokoa izango da muga, baina kasu horretan ikastaroaren kostuaren %60 lagunduko dute diruz.

Honako baldintzak bete be­harko dituzte eskatzaileek, dirulaguntza jasotzeko: Hernanin erroldatuta egotea; egiten ari diren edo egin duten ikastaroa euskeraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatuta egotea; alderdi teorikoa gainditzea eta titulua araututako gehienezko epearen barnean lortzea; eta Foru Ogasunarekin eta Hernaniko Udalarekin zorrik ez izatea.

Eskaerak dagoeneko aurkez­tu daitezke, urtea bukatu bitarte, telematikoki hernani.eus atariaren bitartez, edo aurrez aurre udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Aurkeztu beharko dira eskaera orria be­teta, NANa­ren fotokopia, ikastaroaren matrikularen ordain­agiria, ikastaroaren antolatzailearen ziurtagiria (adieraziz alderdi teorikoa gainditu duela), eta eskatzailearen bankuko kontuaren titulartasuna egiaztatzeko agiria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!