Aritz Olagoik jaso du Jaurlaritzaren 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' saria

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00
Aritz Olagoi saria jasotzen, Bingen Zupiriaren eskutik.

Kirolean euskera sustatzeko saria jaso du Olagoik, KEES metodologia garatzeagatik.

Aritz Olagoi usurbildarrak jaso du Eusko Jaurlaritzaren 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' saria, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) metodologia zehatza garatzeagatik. Kirol psikologoa da Olagoi, eta CD Hernaniko mutil jubenilen futbol taldearekin ari da lanean Liga Nazionalean. Hernanin bertan jarri du martxan KEES metodologia, Dobera Euskara Elkartearekin batera, Hernaniko Errugbi Elkartean eta CD Hernanin.

Joan den astean egin zuten sari banaketa ekitaldia, Donostiako Aquariumean, kirolean eus­­kera sustatzen duten 100 bat eragi­lerekin. 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' sariaren aurreneko edizioa izan da hau, eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuaren eskutik jaso zuen saria Olagoik.

Psikologian Lizentziatua da usurbildarra, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Psikologiaren, kirolaren eta euskeraren in­guruan burutu du bere ibilbide pro­fesionala, eta esparru horretan, hainbat egitasmo propio garatu ditu, kirolean euskera sustatzeko. Horietako bat da KEES metodologia, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko sortu duena; eta horrengatik jaso du saria, bereziki.

 

Kirol hezitzaile-entrenatzailea ardatz, KEES metodologiak

KEES metodologiak kirol hezitzaile-entrenatzailea du ardatz, «bera baita euskeraren erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskeraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak euskeraz egingo die haurrei beti, eta entrenamenduetan zein partiduetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskeraz emango ditu. KEES metodologiaren bidez, entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte gaur egun bizi dugun elebitasunezko errealitateak haurrekiko komunikazioan sortzen dituen egoera anitzak kudeatu ahal izateko».

'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' sariaren jatorria da 2021-2024 urteetarako Kirolean Euskara Sustatzeko Plana, eta urtero banatuko dute saria. Estreinakoa Aritz Olagoik jaso du, eta beste 10 hautagaiei ere egin diete aipamena: Añorga Kirol eta Kultur Elkartea, Arritxu Iribar, EHUko GIKAFIT ikerketa taldea, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Gaztedi Rugby Taldea, Ibon Oregi, Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia, Oihana Azkorbebeitia, Ostaiska Egia, eta Pou anaiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!