Gaur eta bihar, otsaileko literatur solasaldiak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00

Marguerite Yourcenar idazlea.

'Ekialdeko kontakizunak' liburua izango dute hizpide gaur, 19:00etan Udal Liburutegian. Bihar, 'Abril Quebrado' liburuari buruz ariko dira.

Gaur eta bihar egingo dituzte, Hernaniko Udal Liburutegian, otsaileko literatur solasaldiak. Euskerazkoa izango da gaurkoa, eta Marguerite Yourcenar idazle belgikarraren 'Ekialdeko kontakizunak' liburuari buruz ariko dira, Imanol Zurutuzak euskeratutakoa. Ane Mayozek gidatuko du saioa, 19:00etan hasita.

1938ko ipuin bilduma da, eta 11 kontakizun jasotzen ditu. Gehienak 1928 eta 1937 urteen artean argitaratu ziren lehenengoz, aldizkarietan; eta liburu batean bilduta kaleratu zituzten 1938an, Frantzian. Euskerazko edizioa, berriz, 1996koa da.

Gaztelaniazko literatur solasaldian, aldiz, Ismael Kadarék idatzitako 'Abril quebrado' liburua izango dute hizpide, bihar iluntzeko 19:00etan. Idazle albaniarraren nobela garrantzitsuenetakoa da, 1978an Tiranan argitaratutakoa, Albaniako hiriburuan. Gjorg Berisha gaztearen istorioa kontatzen du liburuak: aurkari duten klaneko (Kryeqyqe) kide bat hil behar du, hainbat belaunaldi lehenago sortutako odol-zor bat kitatzeko, bi familietako hainbat gizonen heriotza eragin zuena. 30 eguneko kontakizuna, mendekuaren ziklo tragikoari segida emango diona.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!