Zumetaren eta Chillidaren artea ezagutzeko bisita berezia, igandean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00

Ekimenaren antolatzaileak, Usurbilen, Zumetaren muralaren aurrean.

Chillida Lekuk, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizik antolatu dute, goizeko 11:00etan hasita.

GAUR taldearen sorreran egin zuten bat, 1965ean, Eduardo Chillidak eta Jose Luis Zumetak, beste hainbat artistarekin batera. Eta orain, ia 60 urte beranduago, berriro elkartu dituzte biak, bisita gidatu berezi batean: Usurbilen hasi eta Chillida Lekun amaitu, bien artea ezagutzeko ekimena antolatu dute Chillida Leku museoak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi atariak. 

Bi egunetan egingo dute bisita gidatua: aurrenekoa, igande honetan, otsailaren 25ean, goizeko 11:00etan Usurbilgo Sutegi udal liburutegian hasita; bigarrena, berriz, martxoaren 23an izango da, ordutegi berean.

Bi ordu eta erdiko saioa izango da, eta Usurbilgo Museo Irekia bisitatuko dute aurrena: herriko kaleetan dauden artelanak ezagutuko dituzte: Jose Luis Zumetarenak eta Remigio Mendi­bururenak. Horietako batek, Zu­­metaren mural haundiak, aur­­ten bete ditu 50 urte, hain jux­tu. Horren ondoren, au­tobusa har­tuko dute, antolakuntzak jarritakoa, Chilli­da Leku museora joateko. Bertan, Chillidaren obra eta 'Maeght Unibertsoa' izeneko aldi baterako erakusketa ezagutuko dituzte bisitariek. Bukaeran, autobusa izango da Usurbilera buel­tatzeko ere.

 

Izenematea zabalik, '650usurbilbizi.eus' atarian

Gehienez ere 14 bisitarirentzat izango da tokia, bi egunetako bakoitzean; eta izenematea zabalik dago bietarako: 650usurbilbizi.eus/agenda atarian egin behar da. Prezioa 7 eurokoa da helduentzat, eta doakoa 18 urtetik beherakoentzat. Bisita hasi aurretik egin beharko da ordainketa, eskudirutan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!