Jubenilak eta seniorrak hirugarren eta bigarren, Urumean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00

Hernani Arraun Elkarteko zortzi batelek parte hartu zuten igandean Donostian, Urumea ibaian, Gipuzkoako Ligako laugarren jardunaldian. Aipagarria izan zen neska jubenilen eta seniorren lana. Gero eta maila hobeagoan dabiltza; seniorretan, bigarren eta hirugarren amaitu zuten B eta A ontziek; eta jubeniletan, hirugarren eta bosgarren postuetan iritsi ziren A eta B batelak.

Erlojuz kontra antolatu zen estropada Mundaiz eta Maria Cristina zubien artean. Neska jubenilak irabazlearengandik 18 segundura geratu ziren. San Juan izan zen garaile. Absolutu mailan ere sanjuandarrak izan ziren azkarrenak, Hernani ia 20 segundura geratuz. 

Beste lau batelek ere parte hartu zuten estropadan. Infantil nesketan seigarren izan zen Hernani, orain arteko emaitzarik onena eskuratuz. Infantil mutiletan ere denboraldiko estropadarik onena izan zen hernaniarrentzat; zortzigarren amaitu baitzuten.

Azkenik promesa nesketan beste bi batel uretaratu zituen Hernani Arraun Elkarteak. Bederatzigarren eta hamargarren bukatu zuten, hurrenez hurren. B ontziak denboraldiko estropadarik onena egin zuen, ez ordea A ontziak. Hala ere, entrenatzaileek aldaketak egin ditzazkete estropada batetik bestera.

Hurrengo asteetan Hernaniko neskek batel estropadak eta traineru estropadak uztartuko dituzte. Hala ere, batelak ez dira helburu eta entrenamendu saio gehienak traineruan egiten dituzte neska jubenil eta seniorrek. Hondarribian, San Pedron eta Kantabrian jaitsiera bana egingo dituzte aurredenboraldia, sasoia ahalik eta egokiena izateko udarari begira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!