'Tierra de Nadie' ikuskizuna aurkeztuko du Eva Guerrerok ostegunean, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 00:00

Gerrerok eszenan zuzendu eta dantzatuko du, Garazi López Arminteriarekin.

«Inorena ez den lurralde bat da» ideiatik abiatuta, Eva Guerrerok gorputz baten eta bestearen arteko espazioa planteatuko du hilaren 22an, Biterin.

Eva Guerrero koreografo eta interpretea biran dabil bere 'Tierra de Nadie' ikuskizun berriarekin. Azaroaren 23an igo zuen  Arriagako antzokira estreinakoz, eta ostegun honetan, Biterin egingo du geldialdia, arratsaldeko 19:30etan. Sarrerak salgai daude, 'entradium.com' atarian edota Biteriko leihatilan, 8 euroren truke. 

Guerrerok eszenan zuzendu eta dantzatzen du Garazi López de Armentiarekin, Yolanda Bustilloren eta Carla Sevillaren zuzeneko musika eta ahotsaren laguntzarekin. «Lau interprete eme, dantza, ahots eta musikako pieza baterako, naturara (barrura eta kanpoaldera) hurbiltzen gaituena, giro poetikoen, gorputz arrotzen, soinu gogortzaileen eta animaliak ere diren emakumeen bidez».

«Inorena ez den lurralde bat da» ideiatik abiatuta, Eva Guerrerok eta bere taldeak gorputz baten eta bestearen arteko espazioa planteatzen dute: «ez zurea ez nirea ez den espazio gisa, baina aldi berean dagokiguna». Lau interpreteek esplorazio bat egitera gonbidatuko dute publikoa: «Mundu onirikoa da, baina benetako gauzez egina dago. Ozeanoaren sakontasunak, gure inguruko naturak eta barruan bizi zaigun naturak eraginda, ez-leku batera sartzeko saiakera eszenikoa da, ozeanoaren sakontasunerako bidaiaren metafora».

Kontraesanez betetako 
antzezlana

«‘Tierra de Nadie’k printzipio eta amaierez, distantziez, gorputza osatzen duten gorputzez eta horien arteko harremanez hitz egiten du; idatzi gabeko arauez, ertz eta ertzez, topaketez eta desadostasunez; larruz, azala uzteaz, ozeanoaz, apneaz eta korronteez, alde egiteko eta ez itzultzeko gogoz; mugez eta edukitzez hitz egiten du, baina, batez ere, ‘Tierra de Nadie’k gorputzari buruz hitz egiten du, gorputzaz eta bere izaeraz, eta gorputzen arteko politikaz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!