Dorleta Kortazarrek helduentzako 'Ispiluak' kontakizuna eskainiko du

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Dorleta Kortazar, helduentzako 'Ispiluak' lanarekin.

Gaur 17:30etan, Kulturarteko Plaza Feministan, izango da ipuin kontaketa.

Dorleta Kortazar (Eskoriatza, 1974) ipuin kontalariaren eskutik, Ispiluak ipuin emanaldia eskainiko da gaur, 17:30etatik aurrera Kulturarteko Plaza Feministan. 

Ispiluan beren buruari begiratu eta beste aldera gurutzatzeko ausardia izan duten emakumeen istorioek osatzen dute Ispiluak lana.

Dorleta Kortazar Heldu da kontua zirkuituan sariduna izan zen 2023an eta bere lana, «aspalditik buruan nuen ideia bat zen, garatzen ari nintzena. Ispiluak ikuskizuna oraindik nire barruan bizi da».

Idazleak dioenez, «gezurra, bortxa, mesfidantza eta beldurra gaindituz, estutzen dituzten loturetatik askatu eta zigorrak zigor, basoan aurrera egitea erabaki dutenak osatzen dute Ispiluak. Bizinahia eta beldurra, bizitza eta heriotza, gaua eta eguna, ametsak eta errealitatea… elkarri begira, elkarren isla, gure barruko (h)egietan oihartzun eginez. Leku askotan aurki ditzazkegulako gure islada itzuliko diguten ispiluak». 

Gustukoa izan ala ez, norbait ez bada sekula helduei zuzendutako ipuin saio batean izan, ikusteko gonbidapena egiten du Dorleta Kortazarrek. «Seguru sorpresa hartuko duela eta espero ez duen zerbait aurkituko duela. Bizitzeko esperientzia bat dela esango nuke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!