'Tierra de nadie' dantza ikuskizuna Biterin, datorren ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

'Tierra de nadie' dantza ikuskizunaren aurkezpen irudia.

Gorputzari buruzko emanaldia eskainiko du Eva Guerrero konpainiak, iluntzeko 19:30etan hasita.

Gorputza erdigunean jarrita, dantza emanaldia eskainiko du Eva Guerrero konpainiak, datorren ostegunean, Biteri kultur etxean: 'Tierra de nadie'. Dantza izango da oinarria, baina diziplina eta elementu ugari uztartuko ditu ikuskizunak: zuzeneko musika, ahotsa, atmosfera poetikoak, natura, emakume-animaliak, gorputz arrotzak edota soinu oroitarazleak.

Honela definitu du ikuskizuna, Eva Guerrero konpainiak: «Aurkitzeko dagoen leku batean murgiltzea da. Leku ezkutu batera bidaiatzea (norberaren barrenera egindako bidaiaren metafora gisa), eta gorputz honek ezkutatzen dituen mirariak eta piztiak aurkitzea, ozeanoaren punturik sakonenera jaitsiko bagina bezala, edo munduko lurrik urrunenera iritsiko bagina bezala». Azaldu dute, era berean, «kontraesanei buruz» mintzo dela ikuskizuna: «Hasiera eta amaierez, gorputz infinituez eta bazterreko espazioez. Eta baita hurbiltzeaz eta urruntzeaz ere, distantziaz, ezkutuan dagoenaz, gorputz bat osatzen duten gorputz ezberdinez, edertasunaz...». Baina, «beste ezeren gainetik», gorputzaz, gorputzaren lurraldeaz eta gorputzen mugez mintzo da 'Tierra de nadie'.

Eva Guerrero da ikuskizunaren zuzendaria, eta Guerrero bera eta Garazi Lopez de Armentia igoko dira taula gainera, 50 minutuko saioan. 2023ko azaroan estreinatu zuten obra.

Emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, kultura.hernani.eus webgunean eta Biterin, 8 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!