'Patrick' eta 'Ferrari' pelikulekin bueltatuko da zinea Biteriko aretora, gaurtik astelehenera bitarte

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Enzo Ferrari da 'Ferrari' filmeko protagonista, Adam Driver aktorearen eskutik.

Enzo Ferrariri buruzko pelikula biografikoa eskainiko dute helduentzat, eta hego bakarreko tximeleta bat protagonista duena haurrentzat. Bost emanaldi izango ditu aurrenekoak, eta bi saiotan jarriko dute bigarrena.

Astebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan da zinea Biteriko areto nagusira; eta otsailean estreinatu duten ordutegi berriarekin, gaurtik astelehenera bitarte eskainiko dituzte bi pelikula: 'Patrick' haurrentzat, eta 'Ferrari' helduentzat.

Gaur eta bihar arratsaldean jarriko dute 'Patrick', 16:45etan hasita. Aurreko igandean Astigarragako Erribera kulturgunean izan zen ikusgai, eta oraingoan hernaniarrek izango dute hego bakarreko tximeletaren istorioaz gozatzeko aukera. Gurdi batean ezkutatuta egingo du bere bizitzako bidaia, eta ustekabeko heroi bilakatuko da, bi lagunekin batera: Marty izeneko beldarrarekin, eta Jenniferrekin, altuerari beldur dion tximeletarekin. Horretarako, bere beldur haundienari egin beharko dio aurre Patrickek: bere berezitasuna onartu beharko du, zoritxarraren gainetik garaile ateratzeko, klima ereduen aldaketen, gizakien eta mendeku bila dabiltzan hiru txori gaiztoren aurka borrokatzen duen bitartean.

Sophie Royk zuzendutako filma da, 88 minutukoa, eta euskeraz jarriko dute Biterin. Sarrerak 3 euroan eskuratu daitezke, Biterin bertan edo kultura.hernani.eus atarian.

 

Enzo Ferrariren bizitza jomugan, helduen filmak

Helduek, berriz, bost aukera izango dituzte 'Ferrari' filma ikusteko, 12 urtetik gorakoentzat gomendatutakoa: gaur 19:30etan eta 22:30etan, bihar 19:30etan, eta etzi 16:30etan eta 19:30etan.

Michael Mannek zuzenduta, Enzo Ferrariren bizitzako pasarte bat da pelikulak kontatzen duena, 1957ko udan girotuta. Krisi betean dago Enzo Ferrari (Adam Driver), auto lasterketetako gidari ohia; eta horrek eragiten dio berak eta bere emazteak, Laurak (Penélope Cruz), 10 urte lehenago ezerezetik eraiki zuten enpresari. Krisi haundi baten erdian dago haien ezkontza, eta beren semearen heriotzarekin borrokan ari dira. Etapa erabakigarri horretan, erabaki arriskutsuak hartuko ditu Ferrarik, dena lasterketa batean jokatuta, Italia osoan barrena 1.000 milia osatzen dituena: Mille Miglian.

130 minutuko iraupena dauka filmak, eta gaztelaniaz jarriko dute. Sarrerak Biterin eta kultura.hernani.eus atarian daude eskuragarri: gaurko eta biharko saioetakoak 4,5 euroan, eta asteleheneko emanaldietakoak 3 euroan, ikusleen eguna dela eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!