Juanenea eta Azpiroz gaur, finalerako txartelaren bila

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Aritz Juanenearen eta Xabier Azpirozen arteko partiduak erabakiko du gaur, Galarretan, Masterseko bigarren finalista. Imanol Ansak pasa den astean lortu zuen sailkapena, Azpiroz 30-23 gaindituta; eta emaitza horren ondorioz, gaurko irabazlea sailkatuko da finalera, azken emaitza edozein dela ere.

Partidu berdindua espero da, orain arte Mastersean jokatu diren partiduei erreparatuz gero. Ansak 22an eta 23an utzi zituen Juanenea eta Azpiroz hurrenez hurren, eta azken honek Barrenetxea gainditu zuen (30-23). Hala ere, Juanenea da faboritoa. Banakakoan finalista izan zen, eskarmentua du eta maila oso altuan jokatu zuen ligaxkako lehenengo partidua.

Goizuetarren arteko lehia, lehenengo partiduan

Galarretako jaialdia 16:30etan hasiko da, eta lehendabiziko partiduan atzelari goizuetarren arteko lehia izango da. Gorriz, Aritz Zubirik Loitegirekin jokatuko du, eta urdinez Oier Apezetxeak Jabalerarekin. 

Masterseko partidua izango da jaialdiko bigarrena, eta hirugarrenean iritsiko da Endika Barrenetxea hernaniarraren txanda. Segurolarekin batera ariko da, eta Urriza eta Martirena izango dituzte aurrez aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!