Euskaltzaleen Topagunearen eskutik, martxan da 'Auzoko Elkarrizketak' proiektua, hizkuntza aniztasunarekin lotutakoa. Euskal Herriko hamaika txokotan lantzea da asmoa, baina horretarako, bi proba pilotu abiatu dituzte aurrena: Hernanin garatzen ari dira horietako bat, Dobera Euskara Elkartearen eskutik, Hernaniko Udalaren laguntzarekin; bestea, berriz, Getxon lantzen ari dira.
Funtsean, hauxe da proiektuarekin lortu nahi dutena, Doberak azaldu duenez: «Euskeratik urrun dauden pertsonek zein zailtasun dituzten ezagutu nahi dugu, zergatik ez diren euskerara gerturatu. Izan daitezke etorri berriak, edo bertan urteak daramazkitenak. Jakin nahi dugu zein den haien egoera, ondorioak atera, eta erronkari heldu».
Gizarte elkarrizketarako deia herritar guztiei, datorren larunbaterako
Dagoeneko eman dituzte proiektu pilotuaren aurreneko urratsak Hernanin. Tokiko diagnosia egin dute, herrian jatorri atzerritarreko zenbat pertsona bizi diren, zein hizkuntza hitz egiten diren edota nolako harrera egiten zaien ezagutzeko, besteak beste. Eta sortu dute talde eragilea ere, proiektua elkarlanean landu eta dinamizatzeko. Horrela, honakoek hartuko dute parte egitasmoan: Kulturarteko Plaza Feminista, Amher elkartea, Udal Liburutegia, eta etorri berriekin edo euskeratik urrun bizi direnekin esperientzia haundia duten herritarrak.
Hernaniko 'Auzoko Elkarrizketak' datorren larunbatean izango du mugarri nagusia, otsailaren 24an, eta herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbitea: gizarte elkarrizketa egingo dute Kulturarteko Plaza Feministan, goizeko 10:00etatik 13:00etara, gosari baten bueltan. «Hernaniko hizkuntza aniztasunaren egoeraz jabetzeaz gain, lagunduko digu aurrerantzean hartu beharreko norabidea zuzentzen, eta aztertuko ditugu herritar zein eragile ezberdinekin dauden elkarlan aukerak», azaldu dute.
Parte hartzeko asmoa dutenek, helbide honetan eman dezakete izena: aniztasuna.topagunea.eus/auzoko-elkarrizketak-hernani-izen-ematea. Zaintza zerbitzua ere izango da, saio osoan zehar.
Nabarmendu dute, elkarrizketa modu eraginkorrean emateko, beharko dituztela bi errealitate jakinetako pertsonak: «Alde batetik, euskeraren normalizazio prozesuan interesa dutenak; eta bestetik, gizartera aniztasuna eta aberastasuna ekarri dutenak. Aurreiritziak alde batera utziko ditugu; izan ere, badago, euskal herritarra izan gabe ere, betidanik euskeraren normalizazio prozesuan modu aktiboan dabilenik edo, hemen jaiota ere, euskeratik urrun kokatzen denik».
Horregatik, eta elkarrizketa taldeak «herriko errealitatea ahalik eta modu zintzoenean ordezkatu dezan», herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia: «Aniztasuna hizkuntzaren ikuspegitik ere lantzea behar-beharrezkoa delako, elkarrengana hurbilduz eta bizipenak trukatuz».
«Beharrezkoa da herritar ororengana iristea eta hizkuntzaren biziberritzea ahalik eta anitzena izatea»
'Auzoko Elkarrizketak' egitasmoaren helburua da, funtsean, herri bateko norbanako eta eragileak jartzea herriko hizkuntza aniztasunaren inguruan hausnartzen, ikuspuntuak partekatzen eta etorkizunerako gakoak lantzen. Bi arrazoi nagusi izan ditu Euskaltzaleen Topaguneak, ekimena martxan jartzeko: «Batetik, bertako hizkuntzaren ikuspegitik beharrezkoa da herritar ororengana iristea eta hizkuntzaren biziberritzea ahalik eta anitzena izatea. Eta bestetik, guztiz beharrezkoa da aukera berdintasuna eskaintzea herritar guztiei. Hau da, denek aukera berdina eduki beharko lukete euskera ikasi eta euskeraren munduan zein bere harreman sareetan integratzeko, hori baita kasu gehienetan gizarteratzeko giltza, hizkuntza».
Herritar guztiei zuzendutako proiektua da, baina bereziki euskeratik urrun bizi diren herritarrentzat dago pentsatuta; «euren ahotsei, bizipenei eta esanei» eman nahi diete espazioa.
Horretarako, tokian tokiko eragileekin elkarlanean antolatuko dituzte gizarte elkarrizketak, Hernanin egin duten bezalaxe, baita gainerako herrietan ere, aurrerago. Aipatutako eragileez gain, ikastetxeen laguntza ere izan dute Topaguneak eta Doberak Hernanin, egitasmoa herritarrengana zabaltzeko.
Helburu nagusi horrez gain, bestelakoak ere lortu nahi dituzte egitasmoaren bitartez: besteak beste, orain arte beraien artean harremanik ez duten herritarren artean harremanak eta elkarrizketa sortzea, tokiko hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokirako beharrak identifikatu eta bost adostea, eta herritar ororen inklusiorako herrian hizkuntzek duten garrantzia azaleratzea. Gainera, hainbat erronka dakartza proiektuak, helburu horiekin lotuta: aniztasunaren eta euskeraren inguruko uste okerrak deseraikitzea, partehartze soziala sustatzea, eta herritarren arteko elkar ezagutzak eredu bat proposatzea bizikidetzarako. Izan ere, epe luzera begirako erronkak ere badauzka proiektuak, «hizkuntza aniztasunaren gaia puntualki lantzetik harago».
Lau fase, herri bakoitzean
Proiektuak lau fase izango ditu, herri bakoitzean egingo den lanketan. Hernanin, esan bezala, dagoeneko osatu dituzte aurreneko biak: tokiko diagnosia egitea, eta talde eragilea sortzea. Talde eragilearen eskutik diseinatu dute gizarte elkarrizketa, eta horixe izango da hirugarren fasea, «herritarrak elkarrekin hitz egiten eta elkarri entzuten jarriko dituena». Datorren larunbatean egingo dute Hernanin, eta bihar bertan izango da saioa Getxon.
Bi proba pilotuen saio mugarria egun hauetan egitea ez da kasualitatea, propio aukeratutakoa baizik. Izan ere, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna da otsailaren 21a, datorren asteazkena; eta ospakizun horren aitzakiarekin aurreikusi zuten bi saioak egitea, bata aurreko asteburuan eta bestea hurrengoan. «Kultura, aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoarekin ospatzen da Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna», nabarmendu du Topaguneak: «Ospakizunaren edota aldarrikapenaren oinarrian dago munduko herriek eta herritarrek erabiltzen dituzten hizkuntza guztien zaintza eta babesa sustatzeko eskaera».
Behin gizarte elkarrizketa burututa, ondorioak atera eta ebaluazioa egitea izango da laugarren fasea: «Prozesuan eta bereziki elkarrizketa egunean jasotakoa eramango da ondorioetara eta memoriara. Horiek modu ezberdinetara gizarteratuko dira, herritar orori eta bereziki prozesuan parte hartu dutenei helarazteko».
'Auzoko Elkarrizketak' egitasmoak bete-betean egiten du bat Euskaltzaleen Topagunearen eta Dobera Euskara Elkartearen helburuarekin: Euskera erabiltzea ohikoa eta erosoa izatea. Horretarako, herritar guztien partehartzea eskatu dute orain, ohikotasun hori barneratuta dutenena zein zailtasunak dituztenena, ikuspegi orokorretik lanketa abiatzeko.