'Maialen' ontziak maila ona eman dezake aurtengo denboraldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 16a, 00:00

Hernaniko trainerua larunbateko estropadan. Argazkia: Jose A. Rodriguez.

Bederatzigarren amaitu zuen pasa den astean Oriako jaitsieran eta denbora ona egin zuen.

Aurtengo traineru denboraldiari begira baikor egoteko arrazoiak eman zituen pasa den larunbatean, Oriako jaitsieran, Maialen traineruak. Asier Oconek zuzentzen duen taldeak bederatzigarren amaitu zuen 17:18ko denborarekin, eta maila oso onean aritu ziren. Hibaika seigarren sailkatuarengandik, segundu bakarrera sailkatu ziren hernaniarrak. San Juan eta Zumaia ere segundu bakarrera geratu ziren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan. Beraz, Hernaniko traineruak maila ona eman dezake udaran. 

Orain hiru aste Ocon entrenatzailea pozik zegoen entrenamenduetan eginiko lanarekin eta lehiaketan ikusi da horren emaitza. Beste hiru jaitsiera gehiago egingo dituzte prestaketarako: «Hondarribian, San Pedron eta Kantabrian. Bestela oso luze egiten da aurredenboraldia».

Pozik zegoen entrenatzailea estropada aurretik, uretako maila oraindik jakin gabe, eta behin estropada amaituta are eta gustorago zegoen. «Pauso garrantzitsua eman dugu aurten, neguan zehar, behar bezala entrenatzeko. Aurreikusita ditugun entrenamendu guztiak osatzen ditugu eta hori ez zen posible aurreko urteetan». Hitz horiek bete ziren larunbatean Orion. 

 

Batel estropada igandean, Donostian

Igandean batel ligako laugarren estropada jokatuko da eta Donostian izango da, Urumea ibaian. 10:30etan hasiko da estropada infantil mailako txandekin eta nahiko erdigunean izango da. Maria Cristina eta Mundaizeko zubien artean jokatuko da, 500 metrotako zuzengunean, eta aukera ederra dute zaleek ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!