Sandiusterriko kultur eta hezkuntza azpiegiturak, prest

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 15a, 00:00

Asteartean Sandiusterriko gune berria erakutsi zuten Udal Gobernu Taldeak eta Udaleko teknikariek.

Sandiusterriko gunea ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu ditu Udalak; bat eragileentzat otsailaren 27rako; eta bestea, herritarrentzat otsailaren 28rako.

Sandiusterri eraikina birmoldatu eta kultur ekipamendu gisa erabiltzeko lanak bukatu dituzte dagoeneko, eta asteartean prentsa gonbidatu zuen Udalak, bertako zirrikitu guztiak ezagutu ahal izateko.

Aretoko bisitarekin hasi bezain laster, Xabier Lertxundik hartu zuen hitza, aipatuz Sandiusterri gutxi erabilitako areto bat dela, eta erabilera areagotu nahi dutela azpimarratu zuen, «herrian  dauden beste behar batzuk betetzeko». Horretarako, espazioa birdefinitu eta berrantolatu dute.

Erabilera horietako batzuk, egunerokoak izango direla azaldu du Aitor Huitzi kulturako zinegotziak: «Izan ere,  Hernaniko Udal Musika Eskolak bi ikasgela izango ditu bertan, egoitzan duten toki falta konpontzeko». Irakasle gela era izango dute eta Lertxundik adierazi du astelehenetik aurrera hasiko direla espazio horiek erabiltzen. 

Ttarla dantza taldearentzat ere entsegu gela bat eraiki dute, «espazio egoki bat dantzarako». Horrez gain, Hernaniko musika talde hasi berrientzako edo behar puntualetarako lau entsegu lokal ere sortu dituzte Sandiusterrin: «horietako hiru hutsik daude, eta musika taldeak bere materiala eraman beharko du. Egun batzuetan materiala bertan uzteko kaiolak egongo dira, baina entsegu lokal hauek ez dira ohiko erabilerakoak izango», azaldu du Huitzik, gelak erakutsi bitartean.

Aurrerantzean, Sandiusterrik erabilera anitzeko aretoa ere izango du, «80 lagun sartzen dira, eta formatu txikiko kultur emanaldiak egiteko aproposa» dela azaldu du Hernaniko alkateak. Eta erabilera anitzeko aretoan azalpenak eman bitartean, kulturako zinegotziak argi utzi zuen Sandiusterriko gunea «erabilera ezberdinen elkarbizitza puntua» izango dela.  Oihana Beltran udal arkitektoaren arabera, «alde teknikotik, konplexua izan da Sandiusterri moldatzea eta nahi baino gehiago luzatu dira lanak; espazio bakoitza izango duen erabileraren arabera pentsatu eta egin da, erabilera bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz». 

Intsonorizazio lan konplexua egin dute, eta argitasun naturala irabazteko lanetan ere indarra jarri dute «Sandiusterriko areto zaharra oso iluna zen, orain ordea, argi asko sartzen da, eta kolore argiek laguntzen dute».

 

20 laguneko bisita gidatuak izango dira 28an eta horretarako izena eman behar da

Sandiusterri gunea eragileei eta herritarrei erakusteko bi bisita antolatu ditu Udalak; lehena izango da otsailaren 27an eragileentzat, eta otsailaren 28an herritarrentzat. Azken hauen kasuan, ate irekien bi saio antolatu dituzte; bat izango da goizeko 12:30etan; eta bestea, berriz, arratsaldeko 18:00etan. Guztira 20 laguneko taldeak osatuko dira, eta bertaratzeko aldez aurretik izena eman behar dela azpimarratu du Udalak. Horretarako, 943 55 29 62 telefonora deitu daiteke, edota kultura@hernani.eus helbidera idatzi. 

Amaitzeko, Sandiusterriko areto nagusia eta entsegu lokalak erreserbatzeko aukera izango dute Hernaniko eragileek eta herritarrek. Horretarako, erreserba sistema bat diseinatzen ari da Udaleko kultura saila une honetan. Sandiusterri, epe motzean erabilgarri egongo da, eta Udalak aurrerago jakinaraziko du noiztik aurrera hasi ahal izango den erreserbak egiten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!