«Pozik eta hunkituta nago, bertan izango baitira ni oholtzan ikusteaz pozten direnak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 15a, 00:00

Olatz Zugasti arpa jotzen abesten ari den bitartean.

'Hitzño bat erran, eta banua berhala' albuma oholtzaratuko du Olatz Zugasti hernaniarrak Biterin, gaur arratsaldeko 19:30etan. Zugastik Kronikarekin jardun du hizketaldi batean, eta «gogoz» omen dago: «aurrez eskerrak eman nahi dizkiet kontzertura etorriko direnei. Ea maila ematen dugun».

Gaur eskainiko duzu ‘Hitz bat erran, eta banua berhala’ lana zure jaioterrian. Nola zoaz? 

Beti pozik eta hunkituta, bertan izango baitira ni oholtzan ikusteaz pozten diren herritarrak, senitartekoak, lagunak… Lehen urratsak ematen lagundu zidatenak ere bai, polita da horien aurrean jarri eta nire ibilbidearen emaitza erakustea. Diskoa kontzertu formatuan hainbat herritan aurkeztu dugu 2023ko udaz geroztik, eta bidean ekarpentxo batzuk izan dira, horiekin emango dugu saioa.

 
Azken disko hau, 'Word Music Charts Europe' zerrendan, 30 onenen artean egon zen urrian. Eta era berean, Bartzelonako ONA irratiko ‘Les rutes del so’ saioan entzuleek lehen postuan jarri ondoren 2023ko album onenaren saria irabazi duzu. Nolakoa izan da esperientzia?

Esan daiteke bi gertakizunek lotura dutela. Europan munduko musikak lantzen dituzten hainbat irratietako kazetari espezializatuek egiten dute hilero zerrenda bat, eta hain zuzen, ONA irratiko Les Routes del So egiten duen zuzendaria, Albert Reguant, bertako partaidea da. Diskoa kalera atera bezain laister bere saioan jarri zuen eta europar elkarte horretara bidaltzeko esan zigun, informazio guztiarekin. Zerrendan sartu zuten eta 157tatik lehenengo 30etan egon zen hiru hilabetez uste dut. Polita izan da hori jakitea.

 
Zazpigarren lana duzu ‘Hitzño bat erran, eta banua berhala’. Eta aipatzen duzu berezko bideari jarraitzen diozula azken diskoko kantuetan ere; hainbat estilotatik datozen doinu, erritmo eta soinuez osatzen duten musikarekin eta hitzekin. 

Bai, egia esan munduko musikek oihartzun egiten didate, eta askotan ageri dira hemengo eta hango joerak nire kantuetan, kolorea irudikatzen dut, zaporea ere bai. Guztiak balio du kantua ongi 'esateko'. 

 

Zer dela eta jarri diozu ‘Hitzño bat erran, eta banua berhala’ izena azken lanari?

Mendian zoinen eder diskoko azken kantua da, zuberotarra, tradizionala. Izenburua jarri behar dela eta, kantu herrikoi bat baldin badago hitzei erreparatu eta behin baino gehiagotan topatzen dut esanguratsua den hitz edo esaldiren bat. Badakit luzea dela, badakit ez dela komertziala, baina gustatzen zait jendeak esaldi hori ahoskatzea. Kantuan esanahi jakin bat du, bainan nik hartu dut pixka bat adieraziz bezela musika, musikari, disko eta kontzertu uholde honetan nire tokitxoa eskatzeko bezela: «hitzño bat esango dizuet eta alde egingo dut segituan».

 
Atarian aipatu moduan, Hernanin joko duzu gaur. Berezia da Biteriko oholtza zuretzat? 

Toki polita da, gustora egon izan gara lehenago bertan, 2015ean zuzenekoei ekin nienetik uste dut hirugarren aldia dela. Oholtzan gaudenean behintzat goxo eta garbi entzun izan dugu, eta uste dut publikoak ere ongi entzuten duela areto honetan.

 
Azken disko honek zer ekarri dizu? 

Kantuak pixkanaka egiten joan naiz, eta azkenean diskoa osatzeko moduko kopurua izan nuenean hasi nintzen grabatzen, eta grabatzen ari nintzen heinean gauzak aldatzen ere bai. Zer ekarri didan? Ez dakit, oraintxe sartuegi nago bertan, bertako abestiak zuzenean ahalik eta ongien eman dezaten, eta taldearekin horretara noa. Ez daukat perspektiba nahikoa oraindik.

 
Oholtzan ez zara bakarrik egongo, zure alboan izango dira Amaiur Cajaraville, Ander Ederra, Ander Zulaika, eta  Gratxina Lertxundi.  Zerbait esateko haiei? 

Egia esan, esan dezakegu talde bezela ongi ezagutzen dugula elkar, badira urte batzuk bostak elkarrekin eta gustora jotzen dut beraiekin, kantuak moldatzen ere beren zeresana dute eta hori oso ongi dago.

 
Zer moduz ikusten duzu gaur egungo euskal musikagintza? 

Estilo guztietatik dago eta asko. Emakumeak ere inoiz ez bezela. Musikari onak ere ugari.

 
Hemendik aurrera zer daukazu pentsatua?

Hernanikoarekin neguko biratxo hau ixten dugu eta aurrerantzean kontzertu gehiago emateko asmoa dugu. Hala ere, hurrengo album bat ere osatu nahiko nuke, baina lehenik 'Hitzño bat…' honi eman behar diogu astindua zuzenean.

 

Gaur Biteriko oholtzan itxarongo zaituzte hernaniarrek, mezuren bat haientzat? 

Etortzeko asmoa baldin badute eskerrak ematea besterik ez. Izango da agian publikoan zer egiten dugun ez dakienik, eta horiei ere eskerrak gugan konfidantza jartzeagatik, beste guztia han gertatuko da, eta gure kontu, ea maila ematen dugun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!